Leitzako Urrezko binakako aizkolari txapelketa saioan Vicente eta Etxebeste gailendu dira

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 15a, 17:00

Leitzako Amazabal pilotalekuan igandean lehiatu ziren aizkolari eta harri-jasotzaileak, saioa hasi baino lehen.

Aizkolari gazteak banaka eta harri-jasotzaileak ere aritu ziren

2024ko urrezko binakako aizkolari txapelketa Eusko Label Saria lehiaketako jardunaldia izan zuten igande eguerdian Leitzako Amazabal pilotalekuan. Erlojuaren kontrako lehen bi probetan azkarrenak Jon Rekondo leitzarra eta Oihan Larretxea izan baziren ere, 60 ontzako lau enbor mozteko azken proban denbora asko galdu zuten. Hamar enborrak mozten bizkorrenak, azkenean Iker Vicente eta Arkaitz Etxebeste izan ziren (16 minutu eta 40 segundo), Eneko Otaño eta Julen Larrea III.a bigarren (18 minutu eta 30 segundo) eta Rekondo eta Larretxea hirugarren (22 minutu eta 32 segundo).

Binakako txapelketa nagusiaz gain, gazte mailako banakako aizkolari txapelketako bi norgehiagoka ere izan zituzten, 45 ontzako bi enbor moztera: Unai Etxeberria Osinaldek (3’25”) eta Oier Mitxelenak (4’13”) lortu zuten finalerdietarako txartela eta finalerdietatik kanpo gelditu ziren Aitor Saralegi (4’15”) eta Beñat Senosiain (4’45”).

Harri-jasotzaileak ere izan ziren Leitzan lehian. Gizonezkoen binakako txapelketan Gari Garmendia eta Gorka Etxeberria aritu ziren eta denera 69 jasoaldi egin zituzten (8.563 kilo). Emakumeen banakako txapelketan Ainitze Zumetak 63 jasoaldi egin zituen denera (3.969 kilo).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun