Urdallueko bidea ezagutzeko aukera izanen dute igandean Artikutzako bisitariek

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 12a, 18:00
Sei kilometroko ibilbidea eginen dute.

Urtarrilaren 14an bisita gidatua eskainiko dute Artikutzan. Urdallueko bidea ezagutzeko aukera izanen da, sei kilometro inguruko luzera duen ibilbidea osatuz. Uneoro basopean egiten den bide honetan Artikutzako basoei, biodibertsitateari eta historiari buruzko azalpenak emanen dituzte. Bisitan parte hartzeko beharrezkoa zen aldez aurretik izena ematea.

09:00etan Artikutzako auzotik hasi eta Urdallueko burdinola zaharrera abiatuko dira pagadi ilunean zehar, ur gardenetako zenbait errekasto eta iturburu zeharkatuta eta itzulera eguteratik eginen dute, harizti eta pinudien artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun