Amari ikasita, lekan hasten da bereizten: «zazpikoa edo zortzikoa badago seinalatu egiten dut». Jalkitzekoan ere ez dela edonola egin behar azaldu du: «beti eskura jalki behar da eta ez bazaizu gustatzen jateko utzi. Ongi bereizita, hala lortzen da nahi dena». Garai bateko oroitzapenak dantzan jarrita, ongi gogoan du haurra zela etxean egiten zuten leka berezi bat: «alea morea izaten zuen, baina denborarekin banabartu egin zitzaigun». Ez da izan bidean galdu den hazi bakarra: «gure zaharrek ezagutu zuten linua eta guk Leitzan ezagutu dugu garia egiten. Azkenekoa Garagartzan egin izanen zuten orain dela 60 urte paseak». Pagotxa edo hazi berdearekin ez luke nahi hala gertatzea: «Pagotxari ez dakit zenbat urtetan ari naizen indarka kontzen. Aurten ere trozotxo bat badaukat». Aldi galdua ez denez itzultzen, segiko dio ahal duen artean bereari eusten.