Martin Mari Astibia

«Etxeko haziak gauza asko biltzen ditu bere barrenean»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 14a, 09:30

Martin Mari Astibia, Leitzako hazien ekoizlea.

Erretiroa hartu zuenetik orduak ematen ditu baratzean Martin Mari Astibiak. Etxean betidanik ikusi izan zituen bertako haziekin lanean eta berak ere hala egiten du. Argi dio, garai batean, hori egiteko arrazoia bizirautea zela: «bakoitzak bere haziari eusten zion ekonomikoki ez zegoelako dirurik erosteko». Gaur egun, oso bestelakoak dira kontuak: «orain jendeak ongi irabazten du gure aldean. Erosteko dirua badauka eta baratzean bera lanean aritu ordez erosi egiten du dendatik». Dena den, badira mantentzen diren ohiturak: «banabarra izanen da gehien mantentzen dena. Jateko jendeak oraindik apreziatzen du eta garestigoa da erostera joandakoan ere».

Garai bateko erdibanako alorrak ere ez ditu ahaztuak: «esklabitudean bizitu izan gara. Alorra uztea desprezio egitea zen. Erdi partea batzuetan etxeko ganbararaino eraman behar izaten genuen. Sarriorekin hasi ziren maizterrak eta nagusiak maila berean jartzen». Ez zen paper lantegiak ekarri zuen aldaketa bakarra izan: «obran hasi ginen eta diru frexkoa irabazten. Jendea pixkanaka nekazalgoa uzten joan zen». Bidean galerak ekarri ditu horrek: «garai batean Leitzan linu putzuak egoten ziren, lihoa egiten zen jantzietarako. Garia ere ohikoa zen etxe guztietan. Alorra zen tokian kalea dago orain». Aldaketak aldaketa,«norberaren esku dago bertakoari eustea». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun