Ana Beatriz Zabaleta

«Bertako hazia galtzea nahi ez badugu zerbait egin beharra da»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 14a, 09:00

Leitzako Aiene Baserrian bizi da Ana Beatriz Zabaleta.

Aiene baserrira ezkondu eta bizi osoa darama Ana Beatrizek nekazari lanetan. Bere amaginarrebak egiten zuen bezala, hazia gorde eta horixe erabiltzen du hurrengo urtean ereiteko: «banabar txuria eta beltza, artoa eta patata zati bat izaten ditugu etxekoak». Erabiltzen duten haziak zenbat urte izanen dituen galdetuta, ezin zenbaki zehatzik eman: «nik hor ezagutu dut eta lehenagotik ere hor izanen zuten. Ehun urte baino gehiago izan ditzake». 

Denbora duenean tarte bat hartu eta aleak bereizten aritzen dela azaldu du Ana Beatrizek: «biltzen denetik ahalik eta agudoena, zorria ekiditeko». Gaur egun garbitu eta izozkailutik pasatzen ditu, «baina garai batean baratzuri buruak sartzen omen zizkieten tartean. Orain, izozkailuan eduki, maindire baten gainera atera eta izotza lehortzen denean bereizten ditut batzuk hazitarako». Horretarako ez dago formula sekreturik: «begira jotzen dizu, ahalik eta politenak, borobilenak aukeratzen ditut». Azokara edo dendara joanda, orain, denetarik aurkitzen den arren, berak «etxekoaren aldeko apustua» egina du: «bakoitzarentzat berea berezia izaten da». Horregatik, bertako haziek bizirik segitzeko proposamen guztiak interesgarriak iruditzen zaizkio: «argi dago bertako hazia galtzea nahi ez badugu zerbait egin beharra dela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun