Ehun urte bete ditu Goizuetako Valentina Altamira Goizuetak

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 11a, 18:00
Valentina Altamira goizuetarra udalekoek emandako lore sortarekin.

1924ko urtarrilaren 10ean jaio zen Valentina Goizuetako Tartazu auzoan. Atzo bete zuen, beraz, mendeurrena. Ospakizun eguna izan zen Valentinarentzat eta tartean, Goizuetako Udaleko kideen bisita ere izan zuen. Lore sorta eder bat oparitu zioten herritar guztien izenean eta  familia giro goxoan Zorionak zuri abestia abestu zioten denen artean.

Hitz gutxiko emakumea dela diote bere hurbilekoek Valentinari buruz hitz egiterakoan: «gauza gehiegi konpartitu gabe, dena barruan eramanez, bizitzari aurre egin dion emakumea da. Ez dugu askotan jakin izan berak zer pentsatu izan duen. Hori bai, inorentzat ez du hitz itsusirik izan». Bizimodu gogorra izan duela ere aipatu dute: «beti lanean eta ingurukoei laguntzeko prest egon da. Garai batean baserriz baserri ibiltzen omen zen zerria prestatzen eta artilea errekan garbitzen ere bai».

Lanari ez dio sekula beldurrik izan, baina orokorrean oso pertsona beldurtia izan omen da betidanik: «harrigarria da zeinen beldurtia izan den. Hori bai, bizitzeari ez dio inoiz beldurrik izan». Ez da seinale txarra azkeneko urteetan batere botikarik hartu gabe bizi dela jakitea: «ez du pastilla bakar bat ere hartzen azkeneko urteetan eta apetito ederra du». Urte askoan Valentina!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun