Goizuetako Baserritarren Elkartea sortzea erabaki dute

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 11a, 10:00

Goizuetako baserritarrak eta udaleko ordezkariak.

Baserritarren batzordeko kideek elkarte izaera hartu eta Goizuetako Baserritarren Elkartea sortzea erabaki zuten abenduaren 20an egindako bileran. Baserri eta mendi inguruan dauden arazoei irtenbideak emateko sortu dute elkartea eta «arazoak zuzentzeko tresna izan eta goizuetar guztiontzako onurak eta bizipoza lortu nahi» dituztela diote taldekideek.

Bilerak, ekintzak... antolatzeko asmoa dute eta herritarrak, baserritarrak eta udala elkarlanean aritzea nahi dute: «elkarrenganako errespetua ardatza izanik». Bileretatik haratago, baserritarrak elkartzeko aitzakia ere izan nahi dute: «bakardadeari aurre egiteko elkargune bat izan nahi dugu. Baserri askotan jende gutxi bizi da, asko adinekoak dira eta elkarrengandik urruti bizi dira. Senti dezaketen bakardadearekin bukatu, elkarren arteko loturak sortu eta elkartasuna eta bizipoza gailentzea» da nahi duguna. Norbaitek auzoko ordezkari bezala lan egin edo bere ekarpenak egin nahi baditu,  elkartean «ongietorria» izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun