'Euria' antzezlana eskainiko dute ilbeltzaren 14an Leitzako Herri Aretoan

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 11a, 11:00

Hitzik gabeko antzezlana da, eszenak forma bisualen bidez kontatzen dituena.

Markeliñe konpainiak Euria antzezlana eskainiko du igandean, 18:00etatik aurrera. Testurik gabeko, hitzik gabeko antzezlana da, eta eszenak forma bisualetan oinarrituz kontatzen dituzte: antzerki eta dantza bidez. Ume zein helduei zuzendutako proposamena da eta heriotza, dolua... izanen dituzte hizpide. Sarrerak online eskura daitezke bost eurotan edo saioa hasi baino ordu erdi lehenago leihatilan, sei euroren truke.

Sinopsia

Euria lanak, maite dugun norbait jadanik ez dagoenean gertatzen zaigunari buruz hitz egiten du. Eta zerbait aldatu dela ulertzeko eta onartzeko behar dugun denbora guztiari buruz.

Euria lanean ur tantak daude, bi aterkirekin bizi den pertsonaia, lanabes kaxa bat, eskegitzeko gantxoak, plantxa ero bat, abesti triste baten gaineko keinu ederrak, berokia, kanpora ematen duen leihoa, oroitzapenen iratzargailua eta baita marraztutako eguzkia ere.

Norbaitek, altxatzeko eta aurrera egiteko dugun gaitasunaren metafora ere ikus dezake eguzki horretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun