Haur eskola publikoetan 0-3 zikloa dohainik izanen da datorren ikasturtean

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 8a, 15:30

Haur eskola publikoetan dohainik izanen da 0-3 zikloa

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak gaur iragarri du, 2024-2025 ikasturtean Haur Hezkuntzako lehen zikloa doakoa izanen dela Nafarroako haur eskola publikoetan. 0-3 urte arteko haurren familiak izanen dira onuradunak eta sare publiko osoan jarriko dute indarrean neurria: Foru Gobernuak zuzenean kudeatzen dituen haur eskoletan, baita Gobernuarekin hitzarmena duten udal haur eskoletan ere.

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak 2023-2027ko Gobernu Aurrerakoi eta Anitzerako Akordio Programatikoan hitzartu zuten neurrietako bat zen gaur iragarri dutena. Hala, Gimenok adierazi du «egiturazko aurrerapauso» bat dela gaurkoa, Nafarroako hezkuntza hobetzeko. Haur Hezkuntzako 0-3 zikloaren erabateko doakotasunak 3,8 milioi euroko kostua izanen du eta «3.300 familia gehiagori eginen die mesede».

Haurrak zentroetan onartzeko irizpideak ere aldatu dituzte eta Haur Hezkuntzaren bigarren zikloko onarpen arauekin berdindu dira. Hasteko, onarpena lortzeko puntuazio irizpideak aldatu dituzte, eta, aurrerantzean, lehenetsi eginen da zentroan anai-arrebaren bat izatea, zentroarekiko gertutasuna, familia unitatearen errenta eta desgaitasunen bat izatea.

Gimenok iragarritako neurri berriarekin, amaitu egin da 2021-2022ko ikasturtean Nafarroako Gobernuak hasi zuen 0-3 urteko zikloa doako bihurtzeko prozesua. Lehen ikasturte horretan %7tik %75era bitarteko deskontuak aplikatu zituzten. Hurrengo ikasturtean, 2022-2023koan, 0-3 urteko zikloa doakoa izan zen urteko errenta pertsonako 6.650 eurotik behera zuten familientzat —9.300 eurotik behera guraso bakarreko familientzat—. 2024-2025 ikasturtean familia guztiek dohainik jasoko dute zerbitzua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun