Joan den abenduaren 16an, larunbata, elikadura burujabetzan eta lurraldearen defentsan trebatzeko zikloaren barrenean, Nafarroako makroetxaldeen aurkako plataformaren eskutik Biomendin, Mendigorriako txerri granja eta biometanizazio instalazioaren aurrean elkartu ginen. Instalazio horretan 2022an 80.000 tona hondakin industrial organiko tratatu zituzten; 33.000 tonarentzako baimena bakarrik dute eta 2010ean 16.000 tona tratatzeko diseinatua izan zen (Sodenaren dirulaguntzekin).
Honek erakusten du minda tratatzeko pentsatua izan den instalazio bat nola bihurtu den hondakin industrialak tratatzeko fabrika (hauetako asko beste erkidego autonomikoetatik ekarritakoak). Honen froga da joan den larunbateko irudian ageri dena, non Bizkaiko enpresa baten hondakin kamioi zisterna baten iritsiera ageri den.
Instalazio horietatik ateratzen diren digestatoak gero inguruko labore lurretan isurtzen dira, azaleko eta lurpeko urean kutsadura arazo larriak eraginez, lurrari eta biodibertsitateari sortzen zaizkienak gehituz, eta abar.
Abeltzaintza industrialaren kontrako borroka astearen markoan, nekazaritza eta abeltzaintza eredu hau eraldatzea eskatu genuen, bertako herritarren elikagai beharrak asetzera bideratutako eredua izan beharrean, merkatu globalerako merkantziak ekoiztera zuzendua dagoelako.
Horrela, egun Nafarroan 850.000 zerri dugu. Pertsona baino gehiago. Gehiena esportaziorako. Eta Europako esne-behien makrogranja handiena Caparroson dago, 7.000 buru baino gehiagorekin. Eredu honek etxalde txikiak itotzen ditu eta bizitzarako eta elikadurarako ezinbestekoak diren baliabide naturalak kutsatzen ditu.
Beste eredu bat posible da eta beharrezkoa. Abeltzaintza eredu estentsibo, agroekologiko eta Km 0 baten eta beste politika publiko batzuen alde!
Makrogranjarik ez! Ez hemen, ez inon!