Kikilisalda 2019. urtean gizarte zerbitzuak, Cederna Garalurrek, eta kontsumo, hezkuntza zein kirol arloko zenbait eragilek elkarlanean sortu zuten egitasmoa da. Leitzan, Goizuetan, Areson eta Aranon elikadura, ariketa fisikoa eta ohitura osasuntsuak bultzatzeko helburuarekin eta adin txikikoen obesitate tasa murrizteko asmoarekin sortu zen. Dagoeneko hainbat kanpaina egin dituzte eta aurten, familian eta lagunen artean ongi pasatzeko, ingurua ezagutzeko eta ariketa fisikoa egiteko aukera eskaintzen duen proposamena egin dute.
Horretarako, lau ibilbide prestatu dituzte: Leitzan Txaragorri, Goizuetan Antoka, Areson Otarre eta Aranon Suro. Jolasean hasteko, ibilbide hasieran ikusiko duten QR kodigoan kolore bat aukeratu beharko dute: ingurumena (berdea), elikadura (laranja), jarduera fisikoa (urdina) eta herria ezagutu (fuksia). Aukeratutako koloreko galdera guztiak erantzutea izanen da erronka. Galdera irakurri, erantzuna pentsatu eta asmatu duten jakin nahi badute hurrengo balizara joan beharko dute. Mugitu, ikasi eta ingurua ezagutuz, jolasean!