JOANES ILLARREGI MARZOL

«Ez nuen finala behar bezala bizitzea eta gozatzea lortu»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 23a, 10:00

Joanes Illarregi Marzol Iruñeko Anaitasuna kiroldegian kantari. Argazkia: Utzitakoa

Gazi-gozoa izan da finalak Joanesi utzi dion zaporea. Gazia: ez zuelako txapelketa borobiltzea lortu. Gozoa: etsi gabe, bere buruarekin borrokan, saioa hasi eta bukatzea lortu zuelako.

Abenduaren 2ko finala, «kale edo bale egiteko momentua» zela aski ongi zekien Joanes Illarregi Marzolek. «Gogoz eta gosez» igo zen oholtzara eta ordura arteko saioetan maila bikaina erakutsi ondotik, faboritoen artean ageri zen bere izena. Finala «nahi baino aldrebesagoa» joan zen, ordea: «momentu gakoa ailegatu zenean, ez nuen txapelketa guztiz borobiltzen asmatu».  

Uharteko eta Lesakako kanporaketetan «oso sentsazio onak»  izan zituela azaldu du: «egoerak ez zidan gain hartu eta sentitu nuen oholtzan ez nengoela ez urduriegi, ezta lasaiegi ere. Horrek konfiantza eman zidan finalera begira». Nafarroako Txapelketako hirugarren finala zuen eta iazko Euskal Herriko txapelketan lortutakoak ere kanporaketetan beste lasaitasun batetik kantatzeko bidea eman ziola uste du: «horrelako egun batek, nahiz eta bakarra izan, esperientzia handia ematen dizu eta hori luzarora gelditzen den zerbait da».

Sentsazio gazi-gozoa

Anaitasunako oholtzara igo zenean, ordea, ez zuen finala behar bezala bizitzea lortu: «uste dut ez nuela asmatu, egun horretan eta momentu horretan, burua hor eta behar zen lanean edukitzen. Asko kosta zitzaidan kontzentratzea, baita bideak ikustea ere. Lan asko egin behar izan nuen, dena trabeska heldu zitzaidalako». Ordura arte txapelketan eduki zituen sentsazioen «guztiz kontrakoak» izan zituela azaldu du: «normala ere izan liteke, azkenean finala delako eta tentsio guztiak, presio guztiak, puntu gorenean lehertzen direlako askotan». Bukaerako agurrean, horrela abestu zuen: «ez noa pozez kantari, nire egunik onena ez zen, ez al duzue nabari?». Finalak sentsazio gazi-gozoa utzi dio: «gazia: ez nuelako nahi beste gozatu eta ez nuelako nire bertsokeratik kantatu. Gozoa: jakin nuelako egun txarra edukita ere,  lana egiten eta saioa aurrera ateratzen». Egunik hoberena ez zuela ikusita, helburu garbia izan zuen: «neurri batean ondokoari bere lana ez oztopatzea eta behintzat saioa hasi eta buka, ahal zen lan gehiena egiten eta ahalik eta borroka gehien egitea nire buruaren kontra. Lan hori egin izanaz, gustura gelditzen naiz». 

Sailkapenean laugarren

Nahi baino gehiago kostata izan bazen ere, lan txukuna egin zuen oholtzan eta horren erakusle da sailkapenean lortutako laugarren postua. Ez zuen bere onena ematerik izan, «baina mundurik ez da gelditzen, ez da bukatzen. Orain deskantsu pixka bat hartu bertso eskolatik. Dauzkadan plazetan kantari jarraitu, ailegatzen direnak pozez hartu, ingurukoekin egon eta ingurukoei eskertu orain arte txapelketan gure ondoan egoteagatik eta laguntzeagatik». Aurrerantzean ere bertsotan gozatu eta gozaraztea du helburu: «lantzen eta ahal den heinean eboluzionatzen segitzea. Hau ez da txapelketa batean bukatzen den zerbait, hau ez da ehun metroko sprint bat, hau maratoia da. Luzea izatea espero dudan bide bateko puntu bat». 

«Bertsoa lantzen eta eboluzionatzen segi nahi dut»

 

Prozesu baten parte

Izan ere, argi du txapelketa ez dela helmuga: «aurretik heldu zenaren eta gero etorriko denaren arteko beste zubi bat dela». Prozesu baten parte dela dio: «txapelketatik txapelketara ikasten eta elikatzen joaten gara. Orain arte egindako lanketa guztiak plazaz plaza, bertsoz bertso... ateratzen joateko aukera izanen dudala uste dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun