Beldurrak etxean utzita igo zen oholtzara Xabat Illarregi Marzol eta finalak eskaintzen zion aukera ez zuen alperrik galtzera bota. Duela bi urteko arantza kentzea lortu zuen: «alde horretatik pake sentsazio bat daukat. Betea sentitzen naiz: beldur horiek, sentsazio txar horiek... atzean utzi eta beste etapa bat hasi izanagatik». Hirugarren postuan sailkatuta, buruz burukotik gertu gelditu da aurtengoan: «alde horretatik pena ttiki bat ere badaukat, baina hemendik bi urterako erronka ere bai».
Txapelketan zehar izan zuen bideari eustea lortu zuen eta finala barrutik nahiko ongi bizi izan zuela dio: «bertsotan erraz aritu nintzen, oholtzan egoteko modua zen nire erronka nagusienetako bat, horrek eragiten duelako askotan gero bertsotan ongi edo gaizki egitea». Horregatik, aurten buruz prestatu da gehienbat: «mentalki saioetara nola joan, saioan bertan nola ez etsi eta lanean segi. Eroriz gero altxatzen saiatu edo ongi ari bazara horri eutsi. Hori zen aurten nire erronka eta bete dut. Banekien hori lortzen banuen bertsotan egiten nuena, gustura eginen nuela».
Arantza kenduta
Final honek aurrera egiteko bidea eman diola uste du: «orain dela bi urteko finala eta gero, aje oso luzea eduki nuen, ez nintzen batere gustura gelditu. Horrek bi urte nahiko zail utzi dizkit. Barrura begira, uste nuena baino zailagoak». Mamu horiek buruan bueltaka izan ditu azken bi urteetan: «bertsotan orokorrean, plaza batetara kantatzera joan naizenean ez dit eragin, baina txapelketara begira bai. Azkeneko txapelketa horretan zer utzi nuen, zer egin nuen... horri begiratzen hasten nintzen eta final hura etortzen zitzaidan behin eta berriz burura». Abenduaren 2ko finala gogoratzen hasita, bestelakoa da egoera: «alde horretatik pake sentsazio bat daukat eta betea sentitzen naiz. Hori jada atzean utzi dudala sentitzen dut. Barruan nuen arantza kendu eta beste etapa bati hasiera eman diot».
Txapelketarekin gustura
Txapelketa bere osotasunean hartuta ere, ongi joan zaiola uste du: «nahi nuen bidetik joan naizela uste dut. Saioetara nola joan naizen, jarrera aldetik... utzi nahiko nukeen hortatik ematea lortu dudala uste dut eta balorazioa orokorrean positiboa da». Etorkizunean horrek lagunduko diola pentsatzen du: «hurrengo txapelketara begira uste dut indarra emango didala, beste pauso bat aurrera emateko».
Finala bera ere orokorrean hartuta, ongi joan zela uste du: «espektatibak bete zirela uste dut. Beti daude gero gorabeherak, gehiago asmatzen duten bertsolariak edo gutxiago asmatzen dutenak, baina uste dut final ona izan zela eta hurrengo finaletarako ere, etorri zen jendea berriz ere etortzeko gogoz izanen dela».
«Plazetan ahal bezain beste ibili eta gozatzea da nire asmoa»
Erronkak
Heldu den urtean ez du txapelketarik eta hala, «guri dagokigun presio hori behintzat pixka bat alde batera utzi, deskantsatu eta plazatan ahal bezain beste ibili eta ahal bezain beste gozatzea» du helburu. Leitzaldean txapelketak sortu duen ilusioa mantendu dadin bere aletxoa jartzen ere saiatuko da: «zer landua badago. Egunerokotasunean bertsoa sustatu behar da beste modu batetara eta jendearengana ailegatu behar da». Bere esku dagoena eginen du «honek aurrera segi eta goitik behera erori ez dadin».