Hasieran, sakearekin eta ondorengo errematearekin min egin zion Aldaik Goiuri Zabaletari eta berehala 6-1 aurreratzea lortu zuen bizkaitarrak.
Leitzarra, ordea, ez da erraz kikiltzen den horietakoa, txapelketa bikaina osatu du finalera bidean lau aurkari kanporatuz eta finalean ere bere maila erakusteko gai izan zen. Eskumuturrean magia du Leitzako gazteak, baina baita defentsarako gaitasuna eta pilota atzeratzeko kolpea ere eta laster orekatu zuen markagailua, 7-6ra gerturatuz. Hori bai, gaztetasun bekatu batzuk ere egin zituen, dejada pare bat beheko koltxoira botaz eta Amaia Aldaik ez zuen barkatu.
Berriz ere sakea eta sake errematea ardatz, –denera 6 tanto lortu zituen lehen pilotakadarekin– Amaia Aldaik berriro ere zuloa ireki zuen markagailuan. Airez hobekien moldatzen den pilotaria izango da dimarra eta, pilotari abiadura sartuta, bere garaipena ez zuen arriskuan ikusi partidaren bigarren erdian, nahiz eta Zabaletak sekula ez zuen amore eman. Tarteka ale oso ederrak utzi zituzten biek, bi pilotariak lurrean akiturik bukatu zuten, 21-13koa kasu. Zabaletaren zenbait dejadek ere, pilotazaleen eta Amaia Aldai beraren txaloak jaso zituzten, baina ongi merezitako txapela bizkaitarrarentzat izan zen.
Goiuri Zabaletaren txapelketak ere jaso zuen merezitako saririk, aurtengo errebelazioaren kopa jaso baitzuen beste leitzar baten eskutik, Joseba Urkiola, EITBko kirol buruaren eskutik. Sari banaketan Marian Ganzarain, Euskadiko Federazioaren esku pilota arduraduna, Miren Elgarresta, Emakundeko Zuzendaria, Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria eta Mireia Elkoroiribe, Durangoko alkatea ere izan ziren, pilotariei euren babesa eskainiz.