Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Aldaik jokatuko dute Emakume Master Cupeko final nagusia

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 15a, 16:30

Amaia Aldai eta Goiuri Zabaleta, antolatzaile eta laguntzaileekin batera, finalaren aurkezpenean.

Emakumeen esku pilotaren oraina eta etorkizuna aurrez aurre izanen dira igande eguerdian Durangoko final handian

Laboral Kutxa Emakume Master Cup lau eta erdiaren barreneko pilota txapelketaren finalak jokatuko dituzte abenduaren 17an, igande eguerdian Durangoko Ezkurdi pilotaleku eraberrituan. Pilota mistoko elite mailako finalak Amaia Aldai, egungo erreferenterik handiena, eta 14 urteko Goiuri Zabaleta leitzarra izanen ditu protagonista.

60 pilotarik ekin zioten azaroaren 5ean abentura eder honi eta, Okondo, Zalla, Gordexola, Zornotza, Sondika, Arratzu, Orozko, Legutio eta Abadiñotik pasa ondotik, maila bakoitzeko pilotaririk onenek Durangon izanen dute azken helmuga. Igande eguerdian, ETBko kamerak zuzenean direla, maila nagusiko finala jokatuko da eta bertan Amaia Aldaik historia egiten jarraitu nahi du, hirugarren txapela jantzita. Dimakoa sasoi ederrean heldu da urteko txapelketako garrantzitsuenera, erraz gainditu zituen Galeano, final laurdenetan, eta Miriam Arrillaga, finalerdietan, eta beste urte bikain bati urrezko amaiera eman nahi dio Durangon. Parean, 14 urterekin, maila bikaina ematen ari den Goiuri Zabaleta leitzar gaztea izango du. 

Aldaik eta Zabaletak txapel handia jokoan izanen dute.


Behetik gora, finaleraino

Txapelketan berria izanda, eskaileraren beheko mailatik hasi behar izan du Goiuri Zabaleta Rodriguezek txapelketa eta lau kanporaketa –Miriam Arraiza, Etxegarai, Gaminde eta Leire Garai– gainditu behar izan ditu Durangora alegatzeko. Leitzako eskolako ikasle fina, tantoa amaitzeko sekulako dohainak erakutsi ditu, baina finalerdian hori baino askoz gehiago dela erakutsi zuen Matienan; pilotakada guztiak zentzuz jo zituen, kantxan egoten badaki eta bere adinerako ohikoa ez den ofizioa erakutsi zuen. Hori bai, igandean pilotari beste abiadura bat sartzen dion pilotari bat izango du aurrean, pilotari oldarkor bat, normalean piloteoan nagusitzen dena eta erronka zaila bezain erakargarria izango du aurrean.

Baina Durangokoa egun guztiko pilota festa bat izango da, arratsaldean beste lau final jokatuko baitira –pilota goxuan gazteak eta seniorrak eta pilota mistoarekin gazteak eta promesak–.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun