Mintegixar eta trenbide zaharra ezagutzeko ibilaldi gidatua eginen dute igandean Artikutzan

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 13a, 16:00

Artikutzako trenbide zaharra ikusiko dute ibilaldian.

Abendua zuri, ez ardi eta ez axuri izenburupean ibilaldi gidatuak antolatu dituzte Artikutzan abenduan. Lehenbizikoa abenduaren 10ean egin zuten Elutsako bistak eta Elizmendiko ur jauzietan barna. Bigarrena, abenduaren 17an, igandean, eginen dute eta Mintegixar eta trenbide zaharra ezagutzeko aukera izanen dute bisitariek. Aldez aurretik izena eman beharko da online edo 679 61 90 16 telefonora deituta.

Artikutzako sarreratik hasita, Eskasetik, ibilbide zirkularra eginen dute. 09:15ean abiatuko dira bertatik. Oinez hasiko dira errepidean behera, 200 metro egin eta eskuin aldera doan bidea hartzeko. Bide honek Mintegixar aldera eramanen ditu, gehienbat itzalpean. Bertako berezitasun nabarmenena haginak dira, 400 urte inguru dituzte batzuek. Mintegixar ingurua pasa ondoren, errepidera itzuliko dira. Hau gurutzatu eta Eskasetik zetorren trenbide zaharra bilatuko dute, bertatik abiapuntura bueltatzeko. Bidean Erroiarriko balkoian geldituko dira bertatik ikus daitekeen bista paregabeaz gozatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun