JOSE MANUEL HUICI ANTON

«Maitasun osoz eta umorez egiten ditugu gure taloak»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 9a, 10:00

Jose Manuel Huici Anton

Ura, gatza eta irina ongi nahasita sortzen da askorentzat gutizia dena: taloa. Saralegi taloek beste bi osagai ere badituztela aitortu du Jose Manuel Huici Antonek: «maitasun osoz eta umorez egiten ditugu gure taloak». Duela hiru urte pasatxo aldatu zuen bere nekazaritza jarduera Leitzako Arro baserriak. Azienden, ordez, artasoroak jarri zituzten eta Saralegi taloen izenpean ontziratutako taloak merkaturatzen hasi ziren.

Aspaldiko lotura

Aspalditik dute taloekin lotura Arro baserrian: «1960an Kristina Saralegiren aita Donostiako Konstituzio plazara joan zen lehenbizikoz taloak saltzera». Ez zekien orduan tradizio bati hasiera ematen ari zenik. Kristinak hartu zuen aitaren lekukoa eta duela hamar urte bere eskutik hasi zen talogintzan Jose Manuel Huici senarra: «Euskal Herri osoko azoketan ibili ginen elkarrekin taloak egin eta saltzen. Ez zioten alferrik deitzen Taloen Erregina Kristinari». Duela hiru urte pasatxo merkatua zabaldu eta taloa modernizatzeko apustua egin zuten senar-emazteek: «etxean obradorea jarri genuen eta taloak ontziratuta eskaintzen hasi ginen, kontsumitzaileak bere etxean, nahi duen osagaiekin eta nahi duenean dasta dezan». Hala, betiko taloekin batera, beste aukerak probatzen hasi da jendea: «entsalada, patata tortilla, haragi egosia, gulak, onddoak... eta denak goxoak daude».

Ustekabeak hasieran

Hasiera ez zela erraza izan aitortu du Jose Manuelek: «obradorea martxan jartzeko puntuan geundenean pandemia etorri zen. Orain zer? izan zen gure galdera. Leitzako Udalari eta kontsumo taldeari esker gure produktuak saltzeko aukera izan genuen frontoian astero egiten zen azokan. Gero pixkan pixkan hasi ginen dendetan saltzen eta bagoaz poliki-poliki merkatua egiten». Gaur egun, Euskal Herri osoan eskura daitezke Saralegi taloak: «Eroski supermerkatuetan eta hainbat harategitan daude eskuragai. Sare sozialetan ere argitaratzen ditugu gure bideo eta argazkiak eta horri esker, online ere egiten dugu lan. Pentsa, Holandatik ere jaso genuen eskaera bat».

Taloek jendearen interesa sortzen dutela uste du: «bertakoentzat badu nostalgia puntu bat, ume garaiko zaporeak gogorarazten dizkie askori». Azokaz azoka segitzen dute eta jendetza hurbiltzen zaie: «turistei saltzen diegu batez ere, eta hego amerikarrek ere oso gustura jaten dituzte. Pasa den urtean Basque Culinary Centerrek antolatutako jardunaldi batzuetan ere parte hartu genuen eta indiarrek, arabiarrek... probatu zituzten gure taloak».

Hasieratik bukaerara

Taloa mimo handiz egiten dute. Artoa ereitetik hasi eta taloa saldu arteko prozesu guztiaz arduratzen da Jose Manuel: «lurretik hasten gara. Artoa maiatz aldera erein eta urrian hasten gara biltzen».

Ereiten duten artoa bertakoa dela ere nabarmendu du: «hazia Kristinaren birraitonak eman zion auzoko Martikoneko amonari. Hazi bila genbiltzala, amona hori etorri zen Kristinari hazia ematera. Hirurogei urtetara hazi hori bueltan etorri da Arroa baserrira».

«Talo bakoitza izan dadila Kristinari egindako omenaldi bat»

Taloen erregina

Bizitzak izaten ditu ezustekoak eta 2022ko otsailaren 26an jaso zuen Jose Manuelek kolperik gogorrena: Kristina zendu zen. Aitortu du urte gogorra izan dela, «baina Kristinaren ametsa zen hau eta berak hasitako bideari segida eman behar diogu. Talo bakoitza izan dadila Kristinari egindako omenaldi bat». Iraganak eta etorkizunak elkarrekin bidea egin dezaketenaren erakusle.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun