LOURDES ERBITI CABALLERO

«Arkupeak Elkarteko ekintzak etxetik ateratzeko aitzakia dira»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 10a, 10:00

Leitzako jubilatua da Lourdes Erbiti Caballero eta aski ongi ezagutzen du Arkupeak Elkarteko martxa: hamaika urte daramatza Leitzako delegatu lanak egiten eta azken zortzi urteetan juntako kidea ere bada. Kontu horiek eta gehiago aipatu ditu TTIPI-TTAPArekin izandako solasaldian.

Leitzako plazaren atzekaldean dagoen Katalintxonea etxean sortu zen Lourdes Erbiti Caballero. Leitzan sortu eta bertan eman du bizia: «oso gustura bizi izan naiz beti hemen, niretzako Leitza espeziala da». Txuri beltzeko argazkiek apaintzen dute bere etxeko egongela eta dantzariak ageri dira han eta hemen: «gure familian odolean dugu dantzarako afizioa. Aita dantzako irakaslea zen eta ume garaiko oso oroitzapen politak ditut». Urteak pasa diren arren, mantentzen duen afizioa da: «orain dantzariak ikustera joaten naiz». Leitzan izaten diren dantza saio gehienetara joaten dela aipatu du eta bada bat gorriz markatua duena: «Ezpata dantza sakratua da niretzat. Urtero joaten naiz ikustera eta, gainera, negar egiten dut». Dantza emanaldiak asko aldatu direla ere esan du: «garai batean Ezpata dantza eta Ingurutxoa bakarrik dantzatzen ziren. Orain, Euskal Herri osoko dantza pila bat, beraiek sortzen dituzten dantzak... eskaintzen dituzte eta oso polita izaten da ikusteko».

Badu galtzen ez duen beste hitzordu bat: «asteburuero lagunak elkartzen gara, kafetxoa hartu eta gero afaltzera joaten gara». Astearen errepasoa egiten dute lagunarte goxoan eta irribarrez dio: «herria moldatzen dugu segituan».  

Arkupeak Elkartean buru-belarri

Arkupeak Elkarteko martxa ere aski ongi ezagutzen du: «senarra jubilatu zenean egin ginen elkarteko kide eta orain dela hamaika urte delegatu bezala sartu eta azken zortzi urteetan juntako kidea ere banaiz». Lodosa eta Lizarrako irteera egin bezperatan bildu ginen Lourdesekin eta txukun prestatua zuen autobuserako zerrenda: «hogeita hemezortzi goaz Leitzatik. Lodosara joan eta piperrak nola erretzen ditugun ikusiko dugu. Han aperitiboa egin eta kontserbak erosten ditugu. Handik Lizarrara joanen gara eta azokan buelta eman eta gero bazkaltzera Larriongo bentara». Bazkalondoan, dantzarako aukera ere izanen dute: «bazkalondoan ezin da musikarik falta. Baztandarrak oso animatuak dira dantzan, ez dira gelditzen». Eta haien arrimoan beraiek ere animatzen omen dira. 

«Jende asko ezagutu dut eta oso gustura nago horrekin»

Bazkideen zerrendarekin batera zakutxo berezi bat ere prestatu du: «autobusean sartzerakoan beti errestan ibiltzen zen jendea. Ni etorri naiz lehenbizi, ez ni…. ume jaio eta ume bihurtu esan ohi da eta ez alferrik! Bakoitzari paper bat ateratzeko eskatzen diogu, zenbaki bat izaten du paper bakoitzak eta hor tokatzen zaion zenbakiko eserlekuan eseri behar dute. Horrela ez da inor haserratzen».

Betebeharrak

Irteerak egiten dituztenean Leitzaldeko izen-emateaz arduratzen da Lourdes, baita urtean bitan aldizkariak banatu eta Eguberrietako loteria saltzeaz ere: «lan dezente eskatzen du, batez ere, loteriak. Leitzaldean hirurehun bat izanen dira Arkupeakeko kideak. Fermin eta bion artean egiten dugu banaketa eta etxez etxe joan, tinbrea jo eta eskaintzen dugu. Badakigu toki batean saltzen jarri ezkero, erdiak ere ez zirela etorriko». 

«Jendeak eskertzen du egiten dugun lana»

Lanaz gain ardura ere bada, «irteeretara joaten zarenean kezka pixka bat ere izaten dugu. Dena ongi atera, inork minik hartuko ez duela zaindu… edozer pasa liteke». Kezkak kezka, nabari zaio gustura egiten duen lana dela: «eta jendeak eskertzen du egiten duguna». 

Jendea ezagutu

Elkarteak «jende asko ezagutzeko aukera» eman diola ere nabarmendu du, «eta oso gustura nago horrekin». Lana bakarrik ez, gozatu ere egiten du antolatzen dituzten ekintzetan. Hilabetero izaten dute zerbait eta bata bestearen segidan izendatu ditu: «Oianume sagardotegian bazkaria, mus txapelketa, Doneztebeko Kirolen Eguna, Euskal Kanten Eguna... eta egunpasak eta irteerak». Txoko batzuetara urtero egiten dute bisita: «Lourdesera, Aralarrera, Lezora, Benidormera, Lodosara...» eta beste batzuk aldatzen doaz, «aurten, Fiordoetan izan gara eta azaroan Palmara joatekoak dira».  Egun bateko irteerak omen dira arrakasta gehien dutenak eta Lourdesek ere horiexek ditu gustukoen: «toki bat ezagutu eta jendearekin elkartzeko aukera ematen dizulako». 

Adineko askorentzat, «etxetik ateratzeko aitzakia dira» ekintza hauek guztiak eta horregatik, elkarteko kide ez direnei gonbidapena luzatu nahi izan die Lourdesek: «etxeko besaulkitik altxa eta etor daitezela gurekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun