Ibilaldi gidatua antolatu dute Artikutzan abenduaren 10ean

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 8a, 15:00

Ibilaldi zirkularra eginen dute eta bidean Elutsako bistak eta Elizmendiko ur jauzia ikusteko aukera izanen dute.

Abendua zuri, ez ardi eta ez axuri izenburupean ibilaldi gidatuak antolatu dituzte Artikutzan abenduan. Lehenbizikoa abenduaren 10ean eginen dute, igandean, eta Elutsako bistak eta Elizmendiko ur jauzia bisitatuko dituzte. Aldez aurretik izena eman beharko da online edo 679 61 30 16 telefonora deituta. 

Artikutzako sarreratik, Eskaseko atezaindegiko aparkalekutik, abiatuko dira 09:15ean eta 13:30 aldera bukatuko dute ibilaldia. Ibilbide zirkularra osatuko dute, balizatutako bi bide elkartuz. Eskasetik, Lesaka aldera jotzen duen bidexka hartuko dute, pagadi eta pinudiak zeharkatuz. Buznaiztegiko lepora iritsiko dira eta berehala gertu dagoen Bidangoko Zabalera. Inguru honetan harrespilak eta aztarna historikoak ikusteko aukera izanen dute. Elutsaraino hurbilduko dira hamaiketakoa egiteko eta ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izanen dute bertan. Eskasera bueltatzeko beranzko bidea hartuko dute,  bidean haritz, pago eta hagin zaharrek inguratuko dituzte. Elizmendiko bide nagusira iritsi eta Erroiarriko ur jauziaren ondotik pasata, egurrezko bi zubi zaharretatik erreka gurutzatu eta eginen dute errepidera heldu arte.

Sei urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharko, 6-16 urte artekoek 2,09 euro ordaindu beharko dituzte eta 16 urtetik gorakoek 3,14 euro. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun