'Tempus fugit' antzezlana taularatuko dute abenduaren 10ean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 8a, 11:00

Jon Ander Alonso da obraren egilea eta aktorea.

Abenduaren 10ean Leitzako Herri Aretoan Tempus fugit antzezlana eskainiko du Jon Ander Alonsok 20:00etatik aurrera. Sarrerak aldez aurretik zazpi eurotan eta leihatilan zortzi eurotan eskura daitezke.

Sinopsia

Espazio itxi batean, burmuin bat, eta bertan pentsamendu bat irten ezinik. Pentsamendu honen bitartez denbora eta espazioaren arteko bidai batean murgilduko gara, iraganera baino baita ere etorkizunera. Horretarako pentsamendu honek memoriaz baliatuko da, indibiduala zein kolektiboa, denboraren inguruko galderak airera botatzeko, existentziaren inguruko gogoetak egiteko, gehienetan erantzun argirik jaso gabe. Amesgaiztoak, oroitzapen sentsorialak, obsesioak eta ametsak dira pentsamendu honen alderdi batzuk.

Eta guzti honen hari nagusia Bruselako aireportua izango da. Eta hegazkin bat, hegaldi bat. Aireportu bat “ez-leku” bat bezala. Denbora eta espazioa zintzilik gelditzen diren leku bat bezala. Leku horretan hasten da dena eta leku horretan amaitzen da dena, denboraren kontzeptu lineala apurtuz… Goikoa bezalakoa da behekoa, eta hasiera eta bukaera prisma desberdinetako puntu berdinak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun