Go!azenek Leitzan eskaini behar duen emanaldirako sarrerak igandean jarriko dituzte salgai

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 8a, 09:00

Go!azenen hamargarren denboraldiko kontu eta kantuez gozatzeko aukera izanen dute ikusleek.

Go!azen-eko aktoreak Leitzako Herri Aretoko oholtzara igoko dira abenduaren 23an. 18:00etan hasiko da ikuskizuna eta hamargarren denboraldiko Basakabiko istorioez, kantu berriez... gozatzeko aukera izanen dute ikusleek. Sarrerak abenduaren 10ean, igandean, 12:00etan jarriko dituzte salgai kulturaleitza.eus webgunean eta egunean bertan, saioa hasi baino ordu erdi lehenago, lehiatilan ere jarriko dituzte ale batzuk salgai.

Sarrerak online erosten dituztenek bost eurotan eskuratu ahal izanen dituzte. Saski bakoitzean, gehienez, lau sarrera erosteko aukera izanen da. Go!azenek gaztetxoen artean duen arrakasta zenbatekoa den jakinik, heldu kopurua ahal den neurrian mugatzea eskatu dute antolatzaileek. 

Egunean bertan sarrera batzuk lehiatilan salgai jarriko dituztela ere jakinarazi dute. Emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dute lehiatila eta sei eurotan salduko dituzte sarrerak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun