Goiuri Zabaleta leitzarra Emakume Master Cup txapelketako finalean da

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 7a, 14:00

Zabaletak mendean hartu zuen Garai, abenduaren 6an jokatutako finalaurrekoan. Argazkia: Emakume Master Cup

Finalerako txartela zuten jokoan abenduaren 6an Abadiñoko pilotalekuan. Lehia estua izan zuten Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Leire Garaik eta azkenean, leitzarra izan zen garaile. 22 eta 19 irabazita, abenduaren 17an Durangon jokatuko den finalerako sailkatzea lortu zuen. Amaia Aldai, azken bi urtetako txapelduna, izanen du aurkari finalean.

Finalaurreko partidu ikusgarria, gogorra eta oso orekatua jokatu zuten. Goiuri Zabaleta 7-0 aurreratu zen markagailuan eta partidu borobila jokatu zuen. Zabaletak erakutsia zuen aurretik tantoak amaitzeko sekulako abilezia duela, baina finalaurrekoan, 14 urterekin sinestezina dirudien patxada erakutsi zuen, pilotakada bakoitza zentzuz joaz. Hala, partida luzatzeak Leire Garairi mesede egin ziezaiokeela zirudien arren, leitzarrak ez zuen beldurrik izan tantoak landu eta luzatzeko eta, eskuin fresko batekin, gasteiztarra laugarren koadroaren bueltan izan zuen. Gauzak horrela, partidaren lehen erdi luzean alde erosoak kudeatu zituen aurrelari nafarrak, 10-17 ere aurreratu zelarik.

Errazena amore ematea bazen ere, Leire Garai ez da lehenengoan errenditzen diren horietakoa eta lanean jarraitu zuen. Ahal izan zuenean aurrera pauso bat eman zuen eta, airez eta sakearekin asmatuta, Zabaletari mina egitea lortu zuen. Fisikoki ere asko gogortu zen partidari hobeto erantzun zion arabarrak eta, lanari esker, markagailua asko orekatzea lortu zuen. Behetik gora etorrita, tanto bakarrera gerturatzea lortu zuen 19 eta 20koan. Gauzak estuen zirenean, tanto oso luze eta borrokatu batean leitzarrak sakea berreskuratu eta merezitako garaipena eskuratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun