Leitzako baserri batean gizon bat hil da eta haren semea intoxikatu pixa-depositu batean lanean ari zirenean

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 6a, 17:00
Ezbeharra Leitzako Gorriztaran auzoko baserri batean gertatu da eguerdia baino lehen, euren arditegiko pixa-depositu baten barnean aita-semeak lanean ari zirenean. Mindak botatzen duen gasarekin intoxikatuta, 74 urteko gizasemea bertan hil da, eta 46 urteko semea ospitalera eraman dute anbulantzian pronostiko erreserbatuarekin.

SOS Nafarroa 112 larrialdi zerbitzuak 11:36 aldera hartu du istripuaren berri, eta Leitzako guardiako mediku taldea, anbulantzia medikalizatu bat, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat, Cordovillako suhiltzaileak, Leitzako suhiltzaile boluntarioak eta Foruzaingoaren trafikoko patruila bat bertaratu dira.

Larrialdi zerbitzuak iritsi direnean 74 urteko gizona hilik aurkitu dute. Zorionez, aitarekin batera ari zen 46 urteko semeak depositutik garaiz atera eta SOS Nafarroa larrialdi zerbitzura deitzea lortu du. Azken hau Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute anbulantzia medikalizatuan, pronostiko erreserbatuarekin.

Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko. Foruzaingoaren Iruñeko Brigada Judizialeko kideak gertakariaren izapideak bideratzen ari dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun