«Aitzakia gutxi behar izaten dugu parrandarako»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 2a, 08:00

Naroa Zugarramurdi Zubieta erizaintza ikasten ari den Goizuetako neska gaztea da. Bere afizioei buruz, feria egunaz,... hitz egin eta aitortza ttiki batzuk ere egin dizkio TTIPI-TTAPAri.

Nor da Naroa Zugarramurdi?
Goizuetan bizi den 22 urteko neska bat.

Zergatik erizain? 
Txikitatik aiton-amonen zaintza bizi izan dut eta beraiei bezala besteei lagundu nahi niela konturatu nintzen. Erdi mailatik hasi eta unibertsitatean amaitu dut. Prozesu gogorra, baina oso aberasgarria izan da. 

Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Mendira joatea eta herri-kiroletan parte hartzea. Palan ere entrenatzen dut. Horretaz gain, parranda eta lagunekin eta familiarekin egotea.

Behin eta berriz aipatu duzu eta, zer ematen dizu kirolak? 
Ariketa fisikoa egin, burua deskantsatu eta deskonektatzeko aukera. 

Gustuko duzun kaxko bat? 
Mandoegi eta Mendaur oso bereziak iruditzen zaizkit, bista ikusgarriekin eta oso inguru politekin.

Eta nolatan herri-kiroletan?
16 urterekin harri-tiran ibiltzeko aukera izan nuen eta hor ikusi nuen plazan sortzen zen giroa oso aberasgarria zela. Interesa piztu zitzaidan eta trontzan eta txingekin ibili izan naiz. Aizkora, harria.. ez ditut probatu, baina agian egunen batean animatuko naiz!

Feriak izan dituzue azaroan Goizuetan...  
Bai eta oso bereziak dira niretzat. Antolakuntzan laguntzen saiatzen naiz eta egunean bertan barrutik bizi ditut feriak. Denok baserritarrez janzten gara, herri bazkaria, postuak, aziendak, musikariak... Baserritarrei bultzada bat eman eta oso egun polita izaten da. 

Festarako aitzakia ere badira feriak...
Herri guztia elkartzen gara: 500 pertsona inguru biltzen gara bazkarian. Goizean goizetik hasi eta ordu ttikiak arte luzatzen da festa.

Erraz topatzen duzu aitzakia? 
Nahi baino errazago! Goizuetarrok aitzakia gutxi behar izaten dugu parrandarako eta hori herrian dugun giro onaren seinale da.

Zerekin egiten duzu amets? 
Nire ametsa erizain izatea da. Horretaz gain, familia eta lagunek osasuna izatea, lasai bizitzea, bidaiatzea eta Goizuetan bizitzea dira nire ametsak. 

Eta zerk kentzen dizu loa?
Batez ere, azterketek eta bizitzako ezustekoek, baina orokorrean ere oso urduria naiz eta buruari buelta gehiegi ematen dizkiot. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun