Euskararen Eguna ospatuko dute abenduaren 3an Areson

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 1a, 18:00

Igande eguerdian aldarrikapenerako tartea hartu eta kalejira egingo dute.

Egitarau borobila prestatu dute aurtengoan ere Areson Euskararen Eguna ospatzeko. Sukaldari lanetan hasiko dute goiza, pizza oreak prestatuz. Aldarrikapenerako tartea ere hartuko dute eta urtero bezalaxe, eguerdian, kalejira egingo dute. Ameli eta xirrikituen jostunek goxatuko dute arratsaldea, haurrentzako eta helduentzako saio bana eskainiko dute. Eguna bukatzeko goizean prestatuko pizza oreak aprobetxatuz, pizza jana eginen dute.

Goizean hasi eta iluntzera arte, hainbat ekitaldi prestatu dituzte Euskararen Eguna ospatzeko. Goizean, haur eta gurasoak sukaldari lanetan ibiliko dira; pizza tailerra antolatu dute Pake Toki elkartean. Irina, legamia, ura... nahasi eta saltsan ibiliko dira pizza oreak egiten. Sukaldeko lanak bukatuta, 12:30ean aldarrikapenerako tartea izango da eta musikariek lagunduta eta pankarta atzean, kalejira egingo dute. 16:30ean Ameli eta xirrikituen jostunek Basoko sekretuak emanaldia eskainiko du udaletxeko batzar aretoan. Haurrei zuzendutako emanaldia izango da. 18:00etan helduen txanda izango da eta Munduko emakumeak obra eskainiko dute. Helduentzako emanaldiak irauten duen bitartean, haurrentzako jolasak antolatu ditu guraso elkarteak eta txokolatea ere banatuko dute. Goizean prestatutako pizza oreari atseden hartzeko behar duten denbora eman ondotik, beharrezko osagaiak botako dizkiete eta gero, elkarrekin afaria eginen dute. 

Baserritarrez jantzita

Janzkeran ere festa eguna dela nabaritu dadin, herritarrei baserritarrez janzteko deia egin nahi izan diete: «Gona, ator, galtza eta abarkak armairutik atera eta ohitura mantendu dezagun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun