Euskararen Eguna ospatzeko, abenduaren 3an, helduentzako bakarrizketa saioak antolatu dituzte. Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktore ezagunek bi bakarrizketa eskainiko dituzte 18:00etatik aurrera udaletxeko ganbaran. Bien artean ordubete pasatxoko saioa eskainiko dute.
Txizatoki bat eszenatokian eta Hamalau bakarrizketak eskainiko dituzte. Txizatoki bat Eszenatokian obrak Patxo Telleriaren testua du eta artearen inguruko gogoeta berezia egiten du, Patxok berak antzeztua. Hala dio sinopsiak: duela ehun urte, Marcel Duchamp-ek pixatoki bat jarri zuen erakusgai museo batean, eta ekintza horrek artearen kontzeptua kolokan jarri zuen. Zer da artea ? Zer da objetu artistikoa ? Zer da sortzailea ?
Mikel Martinezek, berriz, Hamalau bakarrizketa eskainiko du. Lutxo Egiaren testua da eta Cafe Bar Bilbao Antzerki Saria eskuratu zuen 2022an. Hamalaugarren solairuan, terraza batean, bezero baten esperoan dagoen notarioa izanen da aktorea. Bezero horren suizidioa egiaztatzera joan da. Suizida, baina, berandutzen ari da...