Leitzako kaleetan ere bistakoa izan da greba eguna dela gaurkoa. Kale nagusiko merkatari eta ostalari guztiek bat egin dute grebarekin, baita supermerkatuetako langileek ere. Denda eta taberna guztiak itxita daude. Udal langileek, osasun etxekoek eta eskola eta institutuko langileek ere bat egin dute deialdiarekin. Industrian apalagoa izan da erantzuna. Dena den, paper fabrikan, langileen erdiak baino gehiagok babestu zuen greba eta gaur ekoizpena geldirik dago.
Eguerdian mobilizazioak egin dituzte eta herritar ugarik parte hartu dute. Plazatik abiatu dira eta haur-eskola eta osasun etxe aurretik pasaz, herriari itzulia eman diote. Ekitaldia Amazabal institutuko aterpean bukatu dute. Zaintzaren gaia erdigunean jarri eta aurrepausoak egiteko garaia dela azpimarratu dute. Grebarekin bat egin dutenei eskerrak eman eta zaintza lanetan ari direlako gaur greba egiterik izan ez dutenak ere gogoan izan dituzte. Arratsaldean Iruñean egitekoa den manifestaziora joateko deia egin dute. Eskolako aparkalekuan egin dute hitzordua.