Kirol Merezimenduaren zilarrezko dominak jaso dituzte Gabriel Saralegi eta Juanito Barriola leitzarrek

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 28a, 09:00

Nafarroako Gobernuak 2023ko Kirol Merezimenduaren dominak banatu zituen azaroaren 27an, Iruñean. Urrezko Domina Ioseba Fernandez patinatzaileak jaso zuen eta beste hogeita bederatzi herritarrei Zilarrezko Dominak eman dizkiete kirol arloan egindako ibilbidea saritzeko. Sarituen artean, Gabriel Saralegi Arribillaga eta Juanito Barriola Baraibar leitzarrak daude. Eskualdean pilota irakasten aritzen den Ados pilota klubeko Maite Ruiz de Larramendik ere zilarrezko domina eskuratu zuen. Nafarroako Gobernuko ordezkari ugarik parte hartu zuten sariketan eta Mikel Zabaleta parlamentari leitzarrak ere argazkia atera zuen saria jaso zuten bi herrikideekin. Argazkiak: Ainara Saralegi

Gabriel SARALEGI ARRIBILLAGA

Herri kirolei loturik egon da betidanik Gabriel Saralegi Arribillagaren izena. Aitaren eskutik, oso gaztea zela hasi zen herri kirol munduan. Aizkoran lehenbizi, esatari, irakasle eta antolakuntza lanetan, gero. Herri-kirolaren adar guztiak landu dituela esan daiteke. Leitzan egin diren herri kirol jaialdi, desafio eta probak ia guztien atzean dago Saralegi. Eta ez herrian bakarrik, nazioartean ere ibili da herri kirola zabaltzen. Herri kirolek etorkizuna izan dezaten, gaztetxoei herri kirolak erakusten ari da Leitzan.

Juan BARRIOLA BARAIBAR

Zizurko Ardoi Pilota Elkartean hogeita bost urte baino gehiago daramatza boluntario lanetan Juan Barriola Baraibarrek. Leitzatik Zizurrera bizitzera joan zenean hasi zen bertan esku bat botatzen eta hasierako ilusio berarekin segitzen du lanean. Entrenatzaile, epaile, botilero... denetarik egitea suertatzen zaio. Ardoi Pilota Elkartea sortu duten taldean dago bere ustez arrakastaren giltza eta horregatik nabarmendu nahi izan du, «talde guztiaren meritua» dela sari hau.  

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun