Udalak, Leitzeko eta Araizko Zaporeak tokiko kontsumo taldeak, baserritarrak eta artisauak azaroaren 16an Plazaola Partzuergo Turistikoaren egoitzan bildu ziren, 2023ko edizioak utzi duenaz hausnartzeko eta oro har, azoka ibiltariak azken lau urteotan izan duen ibilbidearen harira mintzatzeko. Cederna Garalur elkarteak antolatu eta gidatu zuen saioa.
2020an sei azoka ibiltari egin zituzten, eta aurten bederatzi egin dituzte. Batez beste, 25 postuk parte hartu dute eta «gehienak, % 75, eskualdekoak eta elikagaiak ekoizten dituztenak» izan direla jakinarazi dute. Gaineratu dutenez, «Plazaola Partzuergoko kide diren inguruko eskualdeetako beste postu batzuk ere batu dira, baita Nafarroako beste eskualdeetakoak ere, kasu honetan Mendialdean egiten ez diren produktuekin».
Salmentei dagokienez, «erantzuna ez da uniformea izan merkatu guztietan», baina oro har, «aurreikuspenak bete» dituztela adierazi dute. Gehiago ere bai, «aurten azokaren batean aurreikuspenak gainditu egin dira: Araitzen, Larraunen, Basaburuan, Leitzan...».
«Duela lau urte bezain beharrezkoa»
Azoka Covidaren garaian sortu zuten, 2020an, «bertako produktuari irteera emateko eta bertako ekonomia bultzatzeko premia» zegoela ikusita. Urteekin, ordea, «hasierako helburuei eutsiz, ikuspegia aldatu» egin da: «2020an eta 2021ean, azoka oxigeno-baloia izan zen, egoera oso konplikatu batean geundelako, eta ia ez zegoen garairik edo lekurik artisau produktuak erakusteko eta merkaturatzeko. Ondoren, irekitze eta zirkulazio askearekin batera, azoka eta ekitaldien eklosioa etorri zen, nolabait merkatu ibiltarira joatea murriztu zutenak. Hala eta guztiz ere, apustua sendo mantendu zen, baina saltzeko eta sustatzeko hasierako helburuei uko egin gabe, hasieratik planteatu ziren beste helburu batzuei eustea erabaki zen, hauek pandemiaren ondorioz erabat ezin baitziren garatu».
Aurrera begira, «tokiko produktuen, artisauen eta ekoizleen nortasuna eta ospea indartu eta ezagutarazi» nahi dituzte, «eskualdean errotuta dauden eta tradizioa duten jarduera osagarrien bidez». Horrela, «tokiko ondare gastronomiko, kultural eta etnografikoari balioa emateaz gain, azoka hauek erakargarriago» bihurtu nahi dituzte «bisitari gehiago erakarriz». Erronka hori, hala ere, «bisitariei eta turistei ez ezik, tokiko biztanleei ere zuzendu» nahi diete, «inguruko produktuen kontsumo arduratsua, jasangarria eta osasungarria sustatuz, sektorearen ezagutza erraztuz, gure herrietako paisaian, kulturan eta ekonomian duen garrantzia ikustaraziz...».
Jarduera eta ekitaldi osagarriak
2022az geroztik azoka batzuetan jarduera osagarriak egin dituzte, eta horiek «azoka ibiltaria aberastu eta erakargarriago bihurtu» dutelakoan daude antolatzaileak. Horren adibide dira, besteak beste, Goizuetan azoka egunarekin batera egindako Txondor Eguna edo Leitzan azoka Talo Egunarekin egin izana. Horrekin batera, «eskualdean errotuta dauden beste produktu eta tradizio interesgarriak lantzen» ari direla gaineratu dute: «Gaztainak, sagarra eta sagardoa...». Eta gisa berean, Mendialdeko elikadura proiektuaren barrenean, INTIArekin batera, fruta arbolen formazioak antolatu dituztela aipatu dute.
Eskualdeko eskolekin ere lanean hasi dira «lehen sektorearen eta bere produktuen garrantziaren inguruko ezagutza erakusteko eta kontzientzia sortzeko». Hala, inguruko baserri eta tailerretara eskola bisitak egiteko eskaintza diseinatzen ari dira. Eta bertzetik, artisauei begira, marketinarekin, sustapenarekin eta bestelako alorrekin laguntzeko formazioak egin dituztela ere oroitarazi dute, baita «turismoaren edo zerbitzuen sektorearekin, esaterako, lankidetzan» ari direla ere.