Gabriel SARALEGI ARRIBILLAGA
Herri kiroletan egindako lan eta ibilbideagatik eskuratuko du domina Saralegik. Aitaren eskutik, oso gaztea zela hasi zen herri kirol munduan. Aizkoran lehenbizi, esatari, irakasle eta antolakuntza lanetan, gero. Herri-kirolaren adar guztiak landu dituela esan daiteke. Leitzan herri kirol jaialdiak, desafioak, probak eta bestelakoak antolatu behar direnetan beti izaten da hor Saralegi. Eta ez herrian bakarrik, nazioartean ere ibili da herri kirola zabaltzen.
Juan BARRIOLA BARAIBAR
Zizurko Ardoi Pilota Elkartean hogeita bost urte baino gehiago daramatza boluntario lanetan Barriolak. Leitzatik Zizurrera bizitzera joan zenean hasi zen bertan esku bat botatzen eta hasierako ilusio berarekin segitzen du lanean. Sortu duten taldean dago bere ustez arrakastaren giltza eta horregatik nabarmendu nahi izan du, «talde guztiaren meritua» dela sari hau.