Larunbatean eginen dute Goizuetako azienda, artisau eta nekazaritza feria

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 23a, 08:00

Baserrietatik kalera jeitsiko dituzte aziendak larunbatean.

Azaroko azken larunbata gorriz seinalatutako eguna da Goizuetan. Azienda, artisau eta nekazaritza feria ospatzen dute egun horretan eta aurten, azaroaren 25ean egokitu da. XIX. edizioa izanen da larunbatekoa eta goizeko 10:00etan hasi eta ordu ttikiak arte luzatuko da festa.  Aziendak ikusi, postuz postu bueltaxka eman, dantzariekin eta trikitilariekin gozatu eta eguerdian, artzain txakurren erakustaldia izanen dute Barrenetxeko belasoan. Gero, bazkaria izanen dute eta arratsaldean eta Matraka elektrotxarangak alaituko du iluntzea.

Baserritar jantziak soinean jarri eta azokarako bidea hartuko dute goizuetarrek. Ofizialki  10:00etan hasiko da azoka, 11:00etan herriko dantzariak ariko dira Txino auzoan eta 11:30ean trikitilariak aterako dira kaleak alaitzera. 12:30ean artzain txakurren erakustaldia eginen dute Barrenetxeko belasoan. Erakustaldia antolatzen duten hirugarren aldia da aurtengoa eta punta puntako artzainak eta zakurrak ariko dira. Etxarri Aranazko Jexux Razkin Mendi euskal txakurrarekin, Javier Olaziregi Goizuetako Maisuborda baserrikoa, Border Collie arrazako Abi zakurrarekin eta Jose Antonio Ormazabal gipuzkoarra Kanel izeneko Border Collie arrazako zakurrarekin. 14:30ean bazkaria izanen dute eta 18:00etan Matraka elektrotxaranga ariko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun