Azaroak 25

Azaroaren 25aren bueltan hainbat ekitaldi izanen dituzte Leitzaldean eta Urumealdean

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 20a, 12:34
Aranon pasa den urtean azaroaren 25ean egin zuten elkarretaratzea.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Nazioarteko Egunaren bueltan hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako Aranon, Areson, Goizuetan eta Leitzan. Ikusten duzu? geldi ezazu! lemapean dokumental emanaldia, tailerrak, kontzentrazioak, dantza... izanen dituzte. Aldarrikapenarekin bat egiteko, bandera morea balkoira ateratzeko deia ere egin dute.

Aranon azaroaren 25ean Sasiak eta haziak dokumentalaren emanaldia izanen dute 19:00etatik aurrera Maisuenean. 20:00etan kontzentrazioa eginen dute eta ondoren afaria.

Areson azaroaren 25ean kontzentrazioa deitu dute plaza zaharrean. Abenduaren 1ean, berriz, Nolakoak dira gure harremanak? Nola harremandu nahiko genuke? gazteei zuzendutako tailerra eginen dute 18:00etatik 20:00etara. Tailerrean parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute azaroaren 29a baino lehenago 674 08 69 26 telefonora mezu bat bidalita.

Leitzan azaroaren 24ko arratsaldean eta azaroaren 25eko goizean, Denok Bat Guraso Elkarteak fotokola antolatu du plazan. Inork ez diezazula hegan egitea eragotzi esaldia aukeratu dute eta argazkiak ateratzeaz gain, pankarta ere osatuko dute. 

Goizuetan azaroaren 25ean 12:00etan dantza aldarrikatzailea eginen dute Txino auzoan herriko dantzariek. Abenduaren 1ean 17:30etik 19:30era DBHko neskei zuzendutako tailerra izanen dute.  Tailerrean parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute azaroaren 29a baino lehenago 674 08 69 26 telefonora mezu bat bidalita.

Aldarrikapenarekin bat egin eta herritarrei bandera moreak balkoietan jartzeko eskatu diete. Leitzako Maimur liburudendan eskura daitezke borondatearen truke.

Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Lañaidek, Denok Bat Guraso Elkarteak, Aresoko Lagunarteak eta Goizuetako emakume taldeak elkarlanean antolatu dituzte ektialdiak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun