Kudeaketa batzorde bat sortzeko bilerak egiten hasi dira Areson

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 20a, 12:00

Biltzen hasiak dira aresoarrak.

Aulki Zuriak alderdia izan da herrian hauteskundeetara aurkeztu den zerrenda bakarra. Ez da ohiko alderdia, boto zuriari balioa eman eta kargua ez hartzea baita beraien hauteskunde programako puntu bakarra. Argi adierazi dute: «udalean ordezkaritza lortzeko botoak jasota ere ez dugu kargua hartuko». Beraz, praktikan hautagairik aurkeztu izan ez balitz bezala da. Kasu hauetan kudeaketa batzorde baten eskuetan geldituko litzateke udala.

Kudeaketa batzordea

Maiatzaz geroztik funtziotan ari diren udal ordezkariek Toki Administrazioarekin hitz egin dute eta haiek azaldu dizkiete zeintzuk diren kasu hauetan eman ohi diren pausoak. Hauteskundeak egin egingo dituzte azaroaren 26an. Bertan aterako den emaitzak, ordea, badirudi praktikan ez duela eraginik izango. Aulki zuriak alderdiak ordezkaritza lortzeko beharko lituzkeen hamar botoak aterako balitu ere, esandakoa beteko balu, ez luke alkate eta zinegotzi kargurik hartuko. Horrek, prozesua luzatu baino ez luke egingo; lehenago edo beranduago kudeaketa batzorde baten eskuetan geldituko delako udala.

Hauteskundeetara aurkeztu den zerrenda bakarrak, kargua hartzeko asmorik ez duela aurreratu du

Argitu behar da kudeaketa batzordea nork osatuko duen ez dutela kanpotik erabakitzen. Herritarrek osatu behar dute batzordea eta beraiek erabaki nortzuk izango diren taldeko kideak. Hori horrela dela jakinda, herritarrak biltzen hasiak dira dagoeneko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun