Jendetza bildu da Leitzako azokan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 13a, 10:30

Itxura ederra hartu zuen igandean Leitzako plazak. Txukun apaindutako postuetan sasoiko barazkiak, fruituak eta elikagaiak jarri zituzten salgai baserritarrek. Horiekin batera, ikusmin handia sortu zuen bertako haziekin osatutako postuak. Azienda saila ere bildu zuten, ehun buru baino gehiago eta lehenbizikoz aziendek Peritza aldameneko estratatik egin zuten plazarako bidea. Berrikuntza honek erakarrita, normalean baino jende gehiago ibili zen goizeko lehenbiziko orduetan azokan. 

Leitza eta Aresoko produktuen azoka eta azienda erakusketa egin zituzten igandean Leitzan. Goizeko hamarretan hasi zen azoka eta aziendak izan ziren lehenbiziko momentuan protagonistak. Peritza aldameneko estratatatik egin zuten plazarako bidea behorrek, zaldikoek, pottokek, ahuntzek, ardiek... eta nobedadeak erakarrita, asko izan ziren momentu berezi hori ikustera hurbildu zirenak. Behin plazara ailegatuta, behien, txekorren, piztien eta hegaztien aldamenean, txukun jarri zituzten guztiak. Ehun buru baino gehiago bildu zituzten azienda erakusketan. 

Horiekin batera, Leitza eta Aresoko hemeretzi baserritarren produktuak erosi eta dastatzeko aukera izan zuten azokara hurbildu zirenek: barazkiak, sagarrak, sagardoa, eztia, gazta, fruitu lehorrak, txerrikia, ogia, gozoak, taloak...

Aurtengo azokako beste berrikuntza, bertako haziekin osatutako postua izan zen. LeitzEko kontsumo taldeko hainbat kide baserriz baserri ibili dira eta bertako haziak bildu eta elkarrizketak egin dituzte. Jasotako hazietako batzuk jarri zituzten ikusgai eta nahi zuenak haziak hartzeko aukera izan zuen. 

Ohikoa denez, eguerdi partean bildu zen jende kopururik handiena baina antolatzaileak pozik zeuden aziendak plazara eramateko momentuak erakarrita, goizean goizetik mugimendu gehiago nabaritu zelako.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun