Leitzako Mimukai Garapen Zentroak ireki ditu ateak

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 10a, 17:24

Leitzako Landa industria gunean dagoen Mimukai Garapen Zentroaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur eguerdian. Duela lau urte abiatu zuten proiektua eta elkarlanean ondu dute Leitzako eta eskualdeko hainbat udalek, Cederna Garalur elkarteak eta Nafarroako Gobernuak. Mimukaik Tokiko Ikuspegia, iraunkortasuna eta gizarte-ekonomia eraldatzailea izanen ditu ardatz. Dabid Anaut Leitzako alkateak eta Ibon Mimentza Cederna Garalurreko gerenteak hartu dute hitza eta biek hala biek elkarlana azpimarratu dute.

Orain espazioari bizia ematen asmatu beharko dutela nabarmendu du Dabid Anaut Leitzako alkateak. Gaur gaurkoz, herriko eragile sozio-ekonomikoentzat bilera gelak eta zerbitzuak eskaintzen dituzte bertan. Ateak ireki orduko agerian gelditu da zentroaren izaera eta hainbat hitzaldi eta formazio saio antolatu dituzte: lehenbiziko momentutik eragiten hasteko.  Goizean, Iker Manterola Sakana Garatzeneko agentea eta Maite Perurena ekintzailea gonbidatu dituzte. Arratsaldean, herritarrek zentroa ezagutzeko aukera izanen dute. 18:00etatik aurrera ateak irekiak izanen dituzte bertaratu nahi duten guztientzat..

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun