Goiuri Zabaleta leitzarrak parte hartuko du eskuz banakako lau eta erdiko txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 3a, 17:00
Emakumeen buruz buruko lau eta erdiko txapelketan parte hartu duten pilotarietako batzuk, tartean Goiuri Zabaleta leitzarra eta Aldai eta Arrizabalaga faboritak.

Master Cup zirkuituko hamasei pilotari ariko dira eta abenduaren 17an jokatuko da finala Durangoko Ezkurdi pilotalekuan

Asteburu honetan Okondon hasiko da emakumeen Eskuz Banakako Lau eta Erdiko Txapelketan parte hartuko du Goiuri Zabaleta leitzarrak. Master Cup Zirkuituko zitarik garrantzitsuenak izaera erabat irekia izanen du, hala nahi izan duten emakume guztiek izan dute izena emateko aukera eta aurten 60 izanen dira, bost mailatan banatuta, –pilota goxoarekin gazteak eta seniorrak eta pilota mistoarekin gazteak, promesak eta eliteak– parte hartuko duten kirolariak, gero eta maila hobea duen torneo honi izaera erabat parte-hartzailea emanaz.

Aurtengo emakumeen kaiolako txapelketak zazpi egoitza izanen ditu eta prestatutako bide-orriaren baitan, finalerdiak Abadiñon jokatuko dituzte abenduaren 6an eta final nagusia, berriz, Durangoko Ezkurdin jokatuko da, abenduaren 17an. Bi jaialdi hauek ETB-1ek emanen ditu zuzenean.

Ohi bezala, Amaia Aldai, egungo txapelduna eta Olatz Arrizabalaga, bere palmares izugarria osatzeko falta zaion txapelaren bila arituko den gernikarra izanen dira faborito nagusiak, baina aurten bi bizkaitarrei aurre egiteko moduan diren pilotari sorta eder bat ariko da bi lagun minen arteko final hori saihesteko nahian; Garai, Zabaleta, Gaminde, Arrillaga edo Etxegarai esaterako. 

Txapelketa iazko rankingaren arabera osatu da eta iazko emaitzei erreparatua, Aldai, Arrizabalaga, Gaminde eta Arrillaga izanen dira final laurdenetan sartuko diren zerrendaburuak.

 

Lehen kanporaketak

Azaroaren 5ean, igandean 19:00etan hasita Okondon jokatuko dituzte maila nagusiko lehen kanporaketak: Ibarrola eta Galeano ariko dira lehen partidan eta Erasun eta Beitia bigarrenean. Goiuri Zabaleta leitzarra azaroaren 12an sartuko da jokoan, igandean 12:00etan Arraizaren kontrako partidarekin eta pilota paza berean Zabala eta Bergara izanen dira aurrez aurre. Zabaletak lehen kanporaketa gainditzea lortuko balu Etxegarai izanen luke final zortzirenetan esperoan azaroaren 18an Sondikan eta Gaminde final laurdenetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun