Aurpegiak estalita eta beldurrak airean ibili dira Aresoko Gau Beltzean

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 2a, 12:30

Aresoko Guraso Elkarteak Gau Beltza ospatu du aurten. Urriaren 31n, arratsaldean, mozorro tailerra egin zuten eta etxeko trapu zaharrak soinean zituztela eta aurpegiak estalita, pertsonaia xelebre bezain beldurgarriak ibili ziren herriko plazan eta kaleetan. Ilunpetan, bidea kandelekin eta kalabazekin argituta, ibilbidea osatu zuten. Garbilekuan, eliza atarian eta plaza zaharrean egin zituzten geldialdiak eta xanduli manduli kikirriki, eman goxokiak guri! esatearen truke jatekoa lortu zuten. Plazan bukatu zuten ibilbidea eta txulalai dantzatu eta paperean idatzitako beldurrak erre zituzten. Ospakizuna bukatzeko danbolinean erretako gaztainak, patata tortillak, goxokiak eta bizkotxoak jan zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun