Balikebale lehiaketan parte hartu nahi duten gazteek azaroaren 16ra arte eman dezakete izena

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 3a, 11:00
Balikebale lehiaketako laugarren edizioko irabazleak

Abenduaren 15ean eginen dute Leitzari buruzko ezagutzak neurtzen dituen Balikebale lehiaketa. Gazteei egin diete deia aurten eta 2005 eta 2008an jaiotakoek izanen dute lehiaketan parte hartzeko aukera. Hiru pertsonako taldeak osatu beharko dituzte eta lau talde ariko dira. Talde gehiago apuntatuko balira, zozketa eginen luketela argitu dute antolatzaileek. Parte hartu nahi dutenek azaroaren 16a baino lehenago eman beharko dute izena Amazabal Institutuan jarritako zerrendetan  edo Euskara Zerbitzuan,  948 51 08 14 telefonora deituta edo laga@iparmank.eus helbidera idatzita. 

Lehiakideek sari bikainak lortzeko aukera izanen dute: 450 euroko txekea, Kultur ekintzetarako sarrerak, herriko produktuak… 

Aurtengo lehiaketa gaztetxoei zuzendutakoa denez, sarrera mordoxka institutuan salduko dela aurreikusten dute antolatzaileek. Bakarren batzuk jarriko dituzte helduentzat salgai, baina aurreko aldietan baino gutxiago izanen dira. Beraz, erne ibili beharko du saiora joan nahi duenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun