'Izan burujabe' zikloa antolatu du datozen egunetarako LeitzEko Kontsumo Taldeak

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 6a, 10:00
Igandean eginen dute Leitza eta Aresoko produktuen azoka.

Azaroko bigarren asterako, proposamen berezia ondu du LeitzEko Kontsumo Taldeak, udalen eta Areso eta Leitzako baserritarren laguntzarekin. Izan burujabe zikloa antolatu dute eta elikadura eta energia kontsumoa ardatz hartuta, tailerrak, solasaldiak... eskainiko dituzte azaroaren 7tik 12ra. Zikloari bukaera emateko, bertako produktuen azoka eginen dute azaroko bigarren igandean.

  • Azaroaren 7an, asteartean, Indarkeria kontsumitzen al dugu galdera eginez hasiko dute zikloa. Moda-jantzigintza, estetika, eta publizitatearen mundua aztertuko dituzte Setem-en eskutik. Horretarako, goizean zehar, rol jokoak eta bideoforuma eginen dituzte Amazabal Institutuko ikasleekin, eta 19:00etan, zineforuma Herri Aretoan. Gaiarekin lotuta, Konpon dezagun moda erakusketa jarriko dute ikusgai Herri Aretoan azaroaren 4tik 9ra.
  • Azaroaren 8an, asteazkenean, bertako hazien inguruan osatu dute proposamena.  Haurrentzat haziak nola ateratzen diren ikasteko tailerra eginen dute liburutegian 17:00etan. Gazte eta helduentzat, Bertako hazien barietateak eta ugalketa agroekologiaren ikuspuntutik hitzaldi-tailerra eskainiko du Marc Badal adituak Atekabeltz Herrigunean 19:00etatik aurrera. 
  • Azaroaren 9an, ostegunean, Lurraldea eta bioaniztasuna auzolanean hitzaldia eskainiko dute Mikel Saralegik eta Antonio Aretxabalak 19:00etan Herri Aretoan.
  • Azaroaren 10ean, ostiralean, herriko ostalariek bertako produktuekin egindako pintxo-potea eskainiko dute.
Azokaren IX. edizioa
  • Azaroaren 12an, Leitza eta Aresoko produktuen azoka eginen dute. Elikagaien postuak hemeretzi: barazkiak, sagarrak, sagardoa, eztia, gazta, fruitu lehorrak, txerrikia, ogia, gozoak, taloak... eta bertako hazien postu bat ere jarriko dute. Azienda postuak, berriz, hamabi: ahuntzak, ardiak, sasi-ardiak, behiak eta txekorrak, burgete arrazako behorrak, pottokak, poniak, astoak, hegaztiak eta untxiak. Eguraldi ona bada plazan izanen da eta txarrarekin, frontoian eta inguruan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun