Araizko Zaporeen 7. Feria urriaren 29an eginen dute Arribeko plazan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 27a, 20:00
Aurten ere giro ederra izanen dute Arribeko plkazan Araizko Zaporeen 7. ferian.

Aurreko urteetan bezala, bertako produktu eta ekoizleek izanen dute protagonismoa eta araiztarrez gain, Lizartzako hainbat ekoizlek parte hartuko dute

Igande honetan, urriak 29, Araizko Zaporeen feriak zazpigarren edizioa beteko du Araizko bailaran, Arribe herriko plazan, Mailopean amestua, sortua eta errotua goiburupean. Araizko Zaporeak elkarteak, Plazaola Turismo Partzuergoaren, Cederna-Garalurren eta Araizko udalaren laguntzaz  antolatutako Feria hau ekitaldi finkatu eta maitatua bihurtu da, ez bakarrik araiztarrentzat, baita kalitatezko produktuak dastatu eta erosi nahi dituzten bisitarientzat ere.


Ikusgai eta salgai egonen diren produktuak, lehen sektorea, baserri tradizionalak eta, oro har, Araitz bailara bera bizirik mantentzeko aldeko apustuaren adierazle garbiak dira, eta filosofia horrekin sortu zen duela ia zortzi urte Araizko Zaporeak elkartea, feriaren antolatzailea alegia.

Bailaran bertan sortutako produktu sorta zabala eskainita, herritar guztiak gonbidatzen gaituzte kontsumo arduratsu, solidario eta eraldatzailearen alde egitera.

 

Lizartzako ekoizleak

Araizko bailarak harreman zuzena du Plazaola-Mendialdea lurraldearekin, eta baita  (Azpirotzetik Tolosara) Araxes ibaian behera dauden herriekin. Hori dela eta, Lizartzako ekoizleak gonbidatu dituzte aurten, zubi lanak indartu eta helburu amankomunak aldarrikatzeko. Araizko Zaporeak elkartearen eta azokaren beraren filosofia partekatzen duten ekoizleak baitira.

Pasa den urtean bezala, sagarraren garrantzia azpimarratuko da aurtengo ferian ere. Sagar postreen txapelketa azokako "klasiko" bihurtu da. Aurten, Newton eta sagar ospetsuari keinu eginez, oso kartel originala zabaldu da, postregintzan zale guztiak sagar postrea aurkeztera gonbidatzen dituena. Igandean bertan egin daiteke, 12:00ak baino lehen, Arribeko plazan. Saria bi lagunentzako afari goxoa izango da.

Bestalde, pasa den urteko esperientzia ederra ikusita, bailarako sagardogileek ekoitzitako sagardoak dastatzeko aukera ere izanen da eta Lizartzako hiru sagardogile gehituko dira.

Egunean zehar, txikienek ere beste modu batez feriaz disfrutatu dezaten, umeentzako jolasak izanen  dira. Aurrez txartela hartu dutenentzat, eguerdian, Araizko arkumea burruntzian errea jateko aukera izanen da.

 

Eguneko programa

11:00etan: Postuen irekiera

12:00etan: Sagar-postreen aurkezpena.

12:00etan: Bailarako etxeetan egindako sagardo dastaketa

13:30ean: sagar-postre lehiaketaren sari banaketa eta bailarako produktuez osatutako saskiaren zozketa

14:30ean bazkaria (arkumea burruntzian)

Goiz osoan zehar umeendako jolasak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun