«Mendi taldea erakargarri egiten asmatu nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 29a, 08:00

Leitzako Mendibil Mendi Taldeko kideek taldea indartzeko apustua egin dute.

Leitzako Mendibil Mendi Taldea desagertzeko arriskuan dagoela ikusita, hori indartzeko lanean hasi dira hainbat herritar. Ohiko mendi irteerak berrartzeaz gain, mendi lasterketen taldea sortu nahi dute.

Itzaltzear zegoena pizteko bidea abiatu du herriko mendizale talde batek. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du atzetik Leitzako Aurrera elkarteko Mendibil Mendi Taldeak, baina azken urteotan goitik beherako bidea hartua zuen, desagertzeko arriskuan izateraino. Halakorik gerta ez dadin, lanean hasi dira. Lantalde horretako kideetako bat da Lorea Barinaga-Rementeria Zabaleta eta esku artean duten proiektuaren berri eman dio TTIPI-TTAPAri.

Zer ibilbide egin du Mendibil Mendi Taldeak? 

90eko hamarkadan sortu zen. Data zehatza ezin esan, mendi taldea sortu baino lehen Aurrera elkarteak ibilaldiak antolatu zituelako. Urte askotan taldeak mendi irteerak antolatu izan ditu: Leitza inguruan, Nafarroa mailan, Pirinioetara, Europako Mendietara... Egun bateko ateraldiak edo asteburu pasak izaten ziren, Izabara eta Somportera iraupen eskia egiteko irteerak ere antolatzen zituzten, mendi astea ere bai... Inguruko beste edozein mendi talderen ibilbidea egin du.  

2015ean Sarbilera egin zuten ateraldian hartutako irudia.

Urterik oparoenetan zein izan da taldearen egoera? 

Antolatutako irteerak nahiko jendetsuak izaten ziren eta horrek ekintza gehiago antolatzen segitzeko gogoa ematen zuen. Antolatzaileek irteerak antolatu eta kartel bidez zabaltzen zituzten, eta nahi zuena apuntatzen zen.

Nola funtzionatzen du? 

Mendibil Mendi Taldea Aurrera Kirol Elkartearen barrenean dagoen batzordea da. Dantza taldea, pilota eskola, pesta batzordea edota futbol taldea dauden bezala, mendi taldearena Aurreraren beste atal bat da. Aurrerako bazkide guztiak mendi taldeko kide izan gaitezke.

Desagertzekotan zegoela ohartarazi duzue... 

Bai, poliki-poliki goitik behera egin du. Leitzan beti izan da mendirako zaletasuna, gure aurrekoek bazuten, guk ere bai, eta oraingo gazteek ere badutela uste dugu. Baina gizartea aldatu da eta jendearen ohiturak ere aldatu dira; mendian ibiltzeko modua, harremanak izateko modua, antolatzeko modua... Ez dakigu zergatik, baina kontua da mendi taldeko batzordeak antolatzen zituen irteeratan eta ekintzetan jendeak gero eta gutxiago erantzuten zuela. Lan handia hartzen  zuten: irteerak prestatu, autobusak, jatetxea, aterpeak erreserbatu... Eta oso jende gutxi animatzen zen. Egoera ikusita, aurreko batzordeak asanblada bat antolatu zuen pasa den urtean, erreleboa nork hartuko zuen ikusteko, baina ez zen inor aurkeztu. Eta horretan gelditu zen kontua. Taldea bertan behera gelditu zen.

Horregatik batzuek elkartzea erabaki duzue... 

Bai, lagun batzuk gaiari buruz aritu ginen. Modu batera edo bestera, denak beti mendian ibili gara eta saiakerarik egin gabe mendi taldea desagertzeak pena ematen zigun. Horregatik, beste saiakera bat egitea erabaki dugu, ea lehengo martxa berrartzen duen.

Helburu horrekin irailaren 23an bilera egin zenuten. Nolako harrera izan zuen? 

Dezente ona izan zuela esanen nuke. 30-40 bat lagun bildu ginen, eta argi gelditu zen han geundenok behintzat ez dugula mendi taldea desagertzea nahi eta modu batera edo bestera mendira joaten segitzeko ekintzak egiteko gogoa dugula.

Zenbateko taldea bildu zarete proiektu honen atzean? 

Oraingoz, zazpi lagun gaude tartean: Txoma Barriola, Aingeru Zabaleta, Oihana Saenz, Aitor Zugarramurdi, Inma Zabaleta, Xabier Portu eta ni gaude. Hala ere, lantalde irekia da eta norbaitek parte hartu nahi badu atea zabalik dauka. Horixe izan zen bileran aipatu genuen kontuetako bat. 

2014ko azaroan Leitzatik Goizuetara egindako irteera.

Bi arlo garatu nahi dituzue: mendi lasterketak eta ohiko mendi ateraldiak. Azalduko zenuke? 

Mendi taldea nola indartu hitz egiten aritu ginenean, gaur egun mendi lasterketek duten indarra aipatu genuen; gazte asko mendi lasterketetan ibiltzen dira. Hala, ohiko mendi irteerez gain, mendi lasterketen arloa sortzea proposatu genuen. Horri lotuta, hiru talde egitea pentsatu dugu: bat mendi lasterketetan hasi berriak direnentzat edo hasi nahi dutenentzat, bestea pixka bat ibiltzen direnentzat eta hirugarren taldea dezente ibiltzen direnentzat, goi mailakoentzat. Talde bakoitzak bere arduraduna izanen luke, batez ere, hasi nahi duten horiei teknika erakusteko: nola egin lasterka, makilak nola erabili, zer egin lesiorik ez izateko... Eta talde bakoitzaren barrenean entrenamenduak elkarrekin egin nahi badituzte, edo asteburuetan elkarrekin ateralditxoak egin edo lasterketetara elkarrekin joan nahi badute, aukera izanen lukete. Ongi funtzionatzen badu, lasterketetara talde moduan aurkezteko aukera ere hor dago. Ikusiko dugu zer martxa hartzen duen. Eta mendi irteeren kasuan, hasiera batean, anbizio handirik gabe, herri inguruan edo egun bateko irteerak egiteko asmoa dugu. Horrekin batera, komunikazioa ere indartu nahi dugu, Whatsapp eta Instagram bitartez arinxeagoa izan dadin eta jende gehiagorengana ailega dadin. Erantzun ona baldin badu, aurrera begira ikusiko dugu zer egin daitekeen; ideia asko proposatu zituzten. 

Lasterketei begira, hiru talde osatu nahi dituzuela aipatu duzu, eta zerrendak ere ireki dituzue jendea apuntatzeko, ez? 

Bai, hori da. Mendi lasterketetarako sortu ditugun hiru taldeak osatzeko zerrendak ireki ditugu. Norbaitek apuntatu nahi badu, gutako norbaitekin harremanetan jar daiteke, edo bestela, Instagram edo Whatsapp bidez.

Noiz paratuko duzue martxan? 

Mendi irteerekin urte bukaeran edo hurrengo urte hasieran hasi nahi genuke, Euskal Herria Mendi Erronkako antolatzaileek mendi erronka oinez lau etapatan antolatu baitute. Aurrenekoa irailaren 24an izan zen eta urriaren 22an bigarrena. Beste bi geldituko dira eta horien ondotik hasiko gara gu. Garai batean, umeentzat, gazteentzat, helduentzat eta nahi zuen guztiarentzat, Pirinioetara iraupen eskia egitera joateko irteera antolatzen zuten, eta hori berrartu nahi genuke. Jende dezente apuntatzen zen eta oso ongi pasatzen genuen. Ez dakigu hori izanen den aurreneko irteera, baina buruan dugu. Horrez gain, Alex Txikon mendizalea hitzaldi bat ematera etorriko da. Eta mendi lasterketaren kasuan, taldeak osatzen hasi dira, eta osatu direla ikustean hasi nahi dugu. 

Zer behar du mendi taldeak ongi funtziona dezan? 

Uste dugu taldea erakargarri izateko modua asmatzea dela kontua. Gure ustez, herrian badago mendizaletasuna, baina mendiaz gozatzeko eta bertan ibiltzeko moduak aldatu dira eta horretara egokitu behar dugu. Hori asmatzea izanen da gure erronka.

«Jendeak antolatzeko eta parte hartzeko gogoa izan behar du»

Zein mezu luzatuko zenieke herritarrei? 

Mendia gustatzen bazaie eta Leitzan aspalditik martxan den mendi taldea bizirik mantendu nahi badute, ahal edo nahi duten ekintzetan parte hartzeko esanen nieke.

Etorkizunera begira zein asmo dituzue? 

Iraileko bileran ideia dezente atera ziren: mendi astea antolatzea, inguruko herrietan egiten duten bezala mendi itzulia egitea, duatloi bat antolatzea, rokodromo bat egitea... Horiek ongi funtzionatzen badute, gerora, ekintza gehiagotara zabal dezakegu: eskalada, mendi eskia... Mila ekintza antola daitezke, badaude proposamenak, baina horretarako, jendeak antolatzeko eta parte hartzeko gogoa izan behar du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun