Gau Beltza bertako ospakizun bihurtzeko saiakera eginen dute Areson

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 27a, 18:00
Mozorro tailerra egingo dute astearte arratsaldean. Argazkia: gaubeltza.eus

Herriko adinekoek ez dute gogoan Areson, Gau Beltzarekin lotutako inolako ospakizun edo ohitura berezirik izaten zenik. Duela bizpahiru urte hasi ziren, aurrenekoz, gaztetxoak urriaren 31n mozorrotu eta herriko etxeetan eskean ibiltzen. Urteak pasa ahala, festaren helburua, jatorria... landu gabe, pixkanaka herrian amerikar kutsuko festa zabaltzen ari zela ikusi du guraso elkarteak. Horregatik, aurten, gaia esku artean hartu eta ospakizuna bertakotzeko saiakera egin nahi izan dute. Horretarako Euskal Herriko hainbat herritan Gau Beltza ospatzeko egiten dituzten ekintzak hartu dituzte oinarrian.

Hala, kalabazak apaintzeko tailer egingo dute urriaren 30ean, astelehenean. 16:30ean elkartuko dira Pake Toki elkartean eta bakoitzak bere kalabaza eraman beharko du. Kalabazak hustu eta aurpegi beldurgarriak sortu ondotik, kandelak barruan sartu eta herrian zehar jartzea pentsatu dute, urriaren 31n, gaueko iluntasunean herritarrak beldurtzeko asmoz. Prestaketa lanak bukatuta urriaren 31n ospatuko dute Gau Beltza. Etxeko arropa eta maindire zaharrak hartuta mozorrotu eta egunari festa itxura ere eman nahi izan diote. Mozorro tailerra egingo dute 17:00etan eta  18:30ean norberaren beldurrak paperean idatziko dituzte. 19:00etan kalejira egingo dute eta bidean ezustekoren batzuk ere izango dira. Bukaeran, idatzitako beldurrak erre eta mokadutxoa egingo dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun