Kontzertu ederra eman du Jeiki Abesbatzak Aranon

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 26a, 11:30

Obra klasikoak eta euskal kanta ezaguna uztartuz, emanaldi polita egin zuen joan den igandean Leitzako Jeiki Abesbatzak Aranoko elizan. Gainera, kontzertuaren ondoren, bazkaria prestatu zieten aranoarrek abesbatzako kideei eta leitzarrek eskerrak eman nahi izan dizkiete.

Nafarroako Abesbatzen Elkartearen ekimenez, Bideak lotuz izeneko zikloa egiten ari dira han eta hemen kontzertuak eskainiz, eta Leitzako Jeiki Abesbatzako kideak Aranon izan ziren joan den igandean. Kontzertuaren ondoren, aranoarrek eman zieten bazkariaren harira «oso eskertuta» daudela nabarmendu nahi izan dute Jeikikoek: «Auzolanean bazkari zoragarri bat eman ziguten elkartean. Oso eskertuta gelditu ginen denak, goiz eta eguerdi oso atsegina pasatuz elkarrekin kulturaren izenean». Horrekin batera, «herri txikiak ere bizirik daudelako eta kultura leku guzietara iristeko ahaleginetan lanean segituko dugula» jakinarazi du Jeikik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun