Udazkeneko festa antolatu dute Leitzan urriaren 28rako

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 26a, 13:00
Gaztaina erreak banatuko dituzte arratsaldean.

Udazken kolorez jantziko da plaza urriaren 28an, larunbatean. Denok Bat guraso elkarteak udazkeneko festa antolatu du eta plaza apaindu eta gaztaina erreak janez, giro ederrean, kantuan eta dantzan pasako dute arratsaldea. 

Erleta eskolako haur eta gaztetxoen laguntza izanen dute gurasoek plaza dotore-dotore jartzeko orduan. Hosto lehorrak, pinaburuak, ezkurrak, morkotsak, makila txikiak... hartuta, udazkenarekin harremana duen artelan txiki bat osatzeko eskatu zaie. Plaza eta karrapean jarriko dituzte guztiak ikusgai. Gau beltzari ere keinu egin nahi diote eta herritarrei etxeko arropa zaharrak eta maindireak eramateko eskatu diete, plazan eta karrapean zintzilikatzeko.

Gaztaina erreak banatzen 17:00etan hasiko dira eta zertxobait lehenago jarriko dute danbolina dantzan. Gurasoek momentuan erreko dituzte gaztainak. Sei gaztaina errez betetako poltsa 50 zentimoren truke banatuko dute. Musikarik ere ez da faltako eta iluntzera arte dantzan aritzeko aukera izanen dute bertaratzen direnek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun