Arantxa Ansa

«Txalaparta jotzen lagun bakarra ikusten baduzu, zerbait falta da»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 21a, 08:00
Arantxa Ansa ttiki-ttikitatik ibili da musikari lotuta. Gaur egun, musika irakaslea da.

Arantxa ANSA ZUGARRAMURDI, Aranoko txalapartaria

Ofizioz musika irakaslea da Ansa ahizpetan zaharrena, baina urte luzez, lana txalapartarekin uztartu du. Izen handiko musikarien ondoan eta munduko hainbat txokotan eman ditu txalaparta kolpeak.

Aurkezpen gutxi behar dute ansatarrek euskal kulturari buruz ari bagara. Dohain berezia dute eta, hori oholtza gainean askotan erakutsi dute Arantxa, Ainhoa eta Maider Ansa Zugarramurdi ahizpek, euskal kantak beraien ahots eta musika doinu goxoekin lau haizetara zabaldu dituzten aldiro. Etxean barneratu zuten zaletasuna,  eta oroimenean ongi iltzatuak dituzte amonaren eta amaren kantak. Hortik abiatuta ibilbide luzea egin dute, askotan elkarrekin, baina baita bakoitzak bere aldetik ere. Arantxa ahizpa zaharrena, esaterako, ofizioz musika irakaslea da, baina musika afiziotzat hartuta ere arrasto luzea uzten ari da. Besteak beste, txalapartari lotuta Juan Mari Beltran musikari eta musikologo ezagunaren taldean ibili zen, baita Oreka TX txalaparta taldearekin eta Aukeran Dantza Konpainiarekin ere. Orain, berriz, urte luzez txalaparta ikastarok alde batera utzi ondoren, Aranon eta Goizuetan txalaparta ikastaroa antolatu du, dohainik. Hemezortzi lagunek eman dute izena. 

Ttiki-ttikitatik musikagintzari lotuta. Kontatuko zeniguke?

Bai, ttiki-ttikitatik. Osaba batek piano ttiki bat oparitu zidan, eta orduantxe sartu zitzaidan musika ikasketak egiteko gogoa. Bederatzi urterekin pianoa ikasten hasi nintzen. Hasieran Imanol Kamio irakaslearekin Goizuetan ibili ginen eta oinarrizko maila han egin nuen. Ondoren, Donostiako Kontserbatoriora sartzeko hautaproba egin eta erdi mailara arte piano ikasketak egin nituen.   

Arantxa Ansa txalaparta jotzen. 

Eta txalapartaren makilak noiz eta nolatan hartu zenituen? 

15-16 urterekin hasi nintzen, pianoa ikasten ari nintzen bitartean. Omenaldiren batean ikusi nuen eta polita iruditu zitzaidan. Lau lehengusu txalaparta ikastera animatu ginen, eta Juanma Vicente irakaslearekin Ergobiko lokal batean hasi ginen. Urte batez ikasi genuenarekin Juan Mari Beltranen txalaparta taldera eraman gintuzten, eta segituan bere taldean jotzen hasi nintzen. 

Eta segitu zenuen... 

17 urterekin hasi nintzen Juan Mari Beltranen taldean eta bospasei urtez edo gehixeagoz ibili nintzen. Ondoren, Oreka TX taldekoak etorri zitzaizkigun, eta nire lehengusu Eli Ansarekin batera sartu nintzen. Haiekin beste sei bat urte egin genituen. Aukeran Dantza Konpainiarekin ere aritu nintzen, kasu horretan, txalapartarekin, teklatuarekin, abesten... 30 urtera arte taldez talde ibili nintzen.  

Orduko zer oroitzapen dituzu? 

Talde guztietan esperientzia ona izan nuen. Lanbidez musika irakaslea naiz, eta aipatu ditugun taldeak gozamenerako tarteak ziren niretzat. Halakoetan gustura ez bazaude, ez du zentzurik hor egoteak. Gainera, talde batek bestera eraman ninduen, askotan bietan egun berean kontzertua izaten nuen eta ordezkoarekin moldatu behar... Baina oso esperientzia polita izan zen.  

«Txalapartak asko bidaiatzeko aukera eman dit»

Talde bakoitzak zer eman zizun? 

Juan Mari Beltranek musika tradizionalaren ikuspuntu etnografikoaz gain, berpizteko eta berritzeko erakustaldi bat eman zidan. Ia hilda zeuden musika tresna asko berpiztu zituen eta gaur egun ere oholtza gainean jarraitzen du, tradiziotik erakustaldi bat eginez. Oreka TX, berriz, txalapartaren iraultza izan zen. Bi taldeak ezin nituenez uztartu, eta gaztea zarenean berrikuntza gustuko duzunez, Oreka TXrekin jarraitu nuen. Juan Marirekin estatu mailan ibili nintzen, eta Oreka TXrekin mundu mailan. Eta Aukeran Dantza Konpainiak ere berdin, bidaiatzeko aukera eman zidan. Batekin eta bestearekin,  Italian, Eskozian, estatu mailan asko, Filipinetan... ibili nintzen. 

Bada horien artean bereziki gogoan gelditu zaizuna? 

Beharbada urrutien dagoen herrialdera egindakoa: Filipinetara. Euskal kultura zabaltzeko asmoz egindako bidaia esperientzia ezberdina izan zen, guztien artean exotikoena. 

Txalaparta ikasten hasi eta klaseak ematera pasatu zinen. Nola eman zenuen salto hori? 

Uste dut 18 urterekin izan zela, gidabaimena atera eta kotxea erosi nuenean. Andoainen, Amezketan, Zubietan... Garai hartan banuen eskaintza. Goizuetan ere ikastaroaren bat egin nuen eta Leitzan urte asko eman nituen, zazpi bat urte. Ikasle oso onak nituen, oso finak, orain lagunak ditudanak. Hasiera hartan, txalaparta klaseak arratsaldez ematen hasi nintzen. Baina kontserbatorioan ikasketak bukatu nituenean, Lekunberriko Aralar Musika Eskolan arratsaldez lanean hasi nintzen, Goizuetan, Leitzan... klaseak emanez. Txalaparta ikastaroak eguerdira pasatu behar izan nituen eta 29 urtera arte txalaparta ikastaroak ematen ibili nintzen. 26 urterekin Haur Hezkuntzako gradua ikasi nuen eta eskoletara saltoa egitea pentsatu nuen. Geroztik eskoletan musika irakaslea naiz. 

Eta garai hartan nola egiten zenuen lana, ikasketak eta zaletasuna uztartzeko? 

Goizetan etxeko kontuak egiten nituen, eguerditan txalaparta klaseak eman han eta hemen, ikasketak unibertsitatera joan gabe lanen bidez egin nituen, arratsaldetan musika eskolan lanean aritzen nintzen eta tokatzen zenean kontzertuak.

Ezkerretik hasita, Ainhoa Ansa, Maria Jesus Zugarramurdi, Arantxa Ansa eta Maider Ansa. 

Ainhoa eta Maider ahizpekin ere asko ibilitakoa zara. Nola hasi zineten? 

Ainhoa eta biok asko abesten genuen elkarrekin, eta ttikiak [Maiderrek] entzun egingo zigun eta hamar urterekin kantu txapelketan apuntatu zela esan zigun, eta 'Zuk, Ainhoa, gitarra joko duzu eta zuk, Arantxa, pianoa'. Holaxe hasi ginen. Maider sariak jaso eta jaso hasi zen, herriko festetan ere beti kontzertuak egiten genituen, eta herriz herri deitzen hasi zitzaizkigun. Pandemia aurretik Artantxuriketan ikuskizuna ere egin genuen. Juan Mari Beltranek ahozko tradizioaren inguruan guri ateratzen zitzaigun zerbait sortzeko eskatu zigun, eta gure amonaren kantak berreskuratuz ikuskizun bat egitea pentsatu genuen. Ama [Maria Jesus Zugarramurdi] ere animatu zen, eta pandemia aurretik horrekin ibili ginen. Pandemiaren ondoren saio bat edo beste egin ditugu, baina hirurak lan askorekin gabiltza eta ez da erraza. 

Etxean euskal kantak eta bertsoak beti presente izan dituzue...

Bai, erabat. Amarengandik, aitarengandik, attonengandik eta amonengandik... Denengandik hartu dugu. Bi aldeetatik familia kantaria dugu. 

Ama-alabak Artantxuriketan emanaldian.

Ttikitatik etxean hain natural bizi izan duzuen euskal musikagintza, gaur egun zein egoeratan ikusten duzu?

Oso giro erdaldunean lan egiten dut, eta ikasleei euskal kultura transmititzen saiatzen naiz, bai Mikel Laboaren kantak, baita gaur egungo musika taldeenak ere. Nahiz eta gaztelaniaren girotik edo beste kulturetatik datozen eta ez duten euskal musika askorik kontsumitzen, gustura hartzen dituzte euskal kulturako proposamenak. Bosgarren mailan ikasle guztiei txalaparta erakusten diet. Pixka bat zirikatu egin behar dira. Goizuetan eta Aranon ere gazteak txalaparta ikastaroan apuntatzeko zirikatu nahi nituen, baina gazte gutxi apuntatu dira. Gauza asko dituzte egiteko. Gure garaian pilota edo musika beste aukerarik ez genuen izaten. Gaur egun, ordea, aukera asko dituzte, eta musika eskolak indarra galtzen ari direla esango nuke. Horixe aipatu izan dut batzuetan musika eskolako lagunekin. Hasten direnak onak dira, lehen bezala, baina hainbeste aukeraren artean jarraitzea ez da erraza. Hala ere, gogoa duenak berdin-berdin egiten du, eta horren erakusle da zenbat kantari eta talde ateratzen diren. Beraz, egoera ez dut gaizki ikusten. 

Eta txalaparta zein egoeratan ikusten duzu?

Ez dut bolada txarrean ikusten. Orokorrean txalaparta jotzeko nahia galdu dela esango nuke. Orduan ikasi zutenek tarteka jotzen dute, eta beste askok ez, baina hori musika tresna guztiekin gertatzen da.

Euskal kulturan toki inportantea du?

Inportanteena denik ez nuke esango, baina perkusio tresna tradizional bezala funtsezkoa dela uste dut.

Nola definituko zenuke txalaparta ezagutzen ez dutenentzat?

Ez naiz filosofatzen hasiko, baina bi edo hiru lagunen artean egin behar denez, ez da batere monotonoa. Tresna alaia da, dibertigarria, eta jotzea erraza da. Bi edo hiru lagunen arteko zerbait izateak asko engantxatzen du ikaslea.

Zaila da?

Ongi jotzea zaila da, gauza guztiak bezala, baina pixka bat jotzea ez. Batzuk gehiago landuko dute, besteek gutxiago, batzuk ikasteko erraztasun handiagoa izango dute, besteek gutxiago, baina jotzea ez da konplikatua. 

Goizuetan eta Aranon txalapartak zer toki du?

Gaur egun, Aranon toki gutxi du. Gure garaian San Juan bezperako suan eta horrelako ekitaldietan jotzen genuen, baina oso gutxi, askotan txalaparta jotzeko bikotea falta izaten genuen... Ahizpek ere ikasi zuten, eta bietako batek laguntzen bazidan tarte batean jotzen genuen, baina... Eta Goizuetan Olentzeroren etorreran, Gabonetan, txondorraren bueltan, Feria Egunean... nahi izaten dute txalaparta. 

«Helburua txalapartaren presentzia ez galtzea da»

Txalaparta jotzerakoan hutsunea sumatzen hasia zinen. Horregatik erabaki duzu ikastaroa antolatzea?

Bai, hori da. Gaur egun ez naiz txalaparta ikastaroak ematen aritzen. Nire eskolako haurrei, eta gurasoek eskatzen badidate, erakusten diet. Goizuetakoa eta Aranokoa salbuespena izan da. Jendeak txalaparta jotzeko eskatzen zuela ikusten nuen, eta ikasle ohiei deituz normalean moldatu izan gara, baina ez da beti erraza, bakoitzak bere familia eta bere martxa du eta... Hortaz, txalaparta jotzen dakien zenbat eta jende gehiago izan, orduan eta hobe. Gainera, txalaparta ikasteko eskaria ere betitik sumatu dut. Txalapartaren presentzia ez galtzea da helburua. Hortik aurrera gehiago ikasi nahi badute, pentsatuko dugu aurrera jarraitu edo ez. Printzipioz, urritik abendura bitarteko ikastaroa izango da.

Nolako erantzuna izan du?

Ona. Aranon zazpi lagun apuntatu dira eta Goizuetan hamaika, guztira hemezortzi. Garai batean, lehengusu askori erakutsi nien txalaparta, eta orduan ume ttikiak ziren lehengusuak oraingo ikastaroan apuntatu dira eta ilusio handia egiten dit. Goizuetan bi talde egin ditugu eta bat 17:00etatik 18:00etara biltzen da eta bestea 18:00etatik 19:00etara. Aranon, berriz, 19:30etik 20:30era. Asteartetan izaten ditugu saioak, Aranon Maisuenean eta Goizuetan eskolan. 

Zerk motibatu du jendea txalaparta ikastera?

Gustatu egiten zaielako, ez dute beste motibazio profesionalik. 

Nolakoak dira ikastaroak?

Praktikoak, txalaparta jo eta jo. Elementu berri bat sartu eta horrekin jolasten dugu, beti inprobisazioaren gainean. Eta bikoteak beti nahastuta. Denak denekin aritzen dira, eta tokatzen zaizun funtzioaren arabera arau batzuk errespetatuz jo behar da.

«Tradizionalean bat ttakuna da eta bestea herrena»

Zein dira oinarrizko arau horiek?

Tradizionalean bat ttakuna da eta bestea herrena. Ttakunak saioak hasi egiten ditu, herrenak jarraitu; ttakunak borobildu egiten ditu eta herrenak hautsi. Laburbilduta horiek dira oinarrizko arauak. Hortik aurrera nahi dituzun erritmo guztiak sar ditzakezu. Hala ere, beste musika tresnak laguntzeko dauden beste tresnak bezala, erritmo gehienak landuta daude. Printzipioa beti gutxienez bi lagun izatea da. Txalaparta jotzen lagun bakarra ikusten baduzu, ai! Hor zerbait falta da. Hori da gure ustez txalapartaren izaera, bi pertsonek konpartitzen duten erritmoa, bien artean, bata besteari entzunda, sortutakoa. 

Goizuetako eta Aranoko ikastaroen ondoren, herrirako txalaparta sortzeko asmoa duzula aipatu izan duzu...

Bai, herritarrek behar dutenean hartu eta erabiltzeko txalaparta bat izan dezaten. Etxean holako ekitaldietarako bat izaten dut, baina nire etxera joan behar dute bila. Hortaz, herrian beharra sortzen denean eskura izatea polita izango litzateke. Aranon baserri batean zuten txalaparta erabiltzeko utzi digute. Ikasle batzuei gustatzen zaie eta beraiena sortzen dute, baina hiru hilabetez ez dakigu horretarako denbora emango duen. Lehen ikastaro luzeagoak ematen genituen. Hala ere, uste dut, Aranon San Martin Egunean ikasleak jotzeko gai izango direla, gaztainak jaten ari garen bitartean, eta Goizuetan Feri Egunerako edo Eguberrietarako ere prest izango direla. Pare bat hilabetez saiotxo bat emateko gai izango dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun