Larunbatean Leitzan jokatuko dute Nafarroako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako azken saioa

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 19a, 14:30
Larunbateko saioaren ondotik jakinen dira finalaurrekoetara sailkatuko diren 18 bertsolarien izenak.

Leitzako Herri Aretoan, 17:30ean hasiko da saioa. Ander Aranburu izanen da gai-jartzailea eta Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Bittori Elizalde Soto, Endika Legarra Nuin, Saats Karasatorre Martinez eta Fernando Ziganda Urdanpilleta ariko dira kantuan. Irabazleak zuzenean eskuratuko du finalaurrekoetarako txartela, eta hurrengo fasera sailkatuko diren hemezortzi bertsolarien izenak ere saioa bukatutakoan jakinaraziko dituzte. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke. 

Dagoeneko Sarai Roblesek, Julio Sotok eta Joanes Illarregik eskuratu dute finalaurrekoetan aritzeko txartela, Iruritako, Vianako eta Uharteko saioak irabazita, hurrenez hurren. Leitzako irabazlea zuzenean gehituko da zerrendara eta lau hauekin batera, sailkapenaren arabera, beste hamalau bertsolarik izanen dute hurrengo fasera pasatzeko aukera.

Azaroaren 4an emanen zaio hasiera finalaurrekoen faseari, egun horretan Altsasun jokatuko den saioarekin. Beste bi saio ere izango dira, azaroaren 11an Agoitzen eta 19an Lesakan. Horietan erabakiko da finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda. Abenduaren 2an jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun