Independentziarako Indarra zikloa abiatuko du Sortuk urriaren 19an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 17a, 09:00

Hitzaldi sorta prestatu dute azaroaren 11ko Independentzia Egunaren aurretik.

Azaroaren 11n Independentzia Eguna antolatu dute Leitzako Sortuko kideek. Eskaintza politikoa eta soziala uztartu eta «hausnartzeko, aldarrikatzeko, elkartzeko eta gozatzeko eguna» izatea nahi dutela azaldu dute. «Prozesu independentistaren gaurkotasuna eta garrantzia azpimarratzea» da beraien helburua eta horretarako, hitzaldi zikloa ere prestatu dute azaroaren 11ko ekitaldien aurretik. 

Independentziarako Indarra izena eman diote zikloari eta prozesu independentista ardatz hartuta, hezkuntzarekin eta euskararekin duen loturaz ariko dira. Aurreneko hitzaldia, urriaren 19an, 18:30ean, Leitzako Udaletxean izanen da. Bertan, Nora Salbotx Alegria irakaslea, Hezkuntza burujabe baten bidean, zer egin dezakegu? galderari erantzuten saiatuko da. Beste lekuetako esperientzien berri eman eta hezkuntza arloan Euskal Herrian ditugun hainbat erronkei nola erantzuten ari diren azalduko du.

Bigarren solasaldia, berriz, urriaren 26an izanen da Leitzako udaletxean 18:30ean. Euskara minorizazio gorrian: arnasguneetatik, zer egin dezakegu? izenburupean Iñaki Iurrebaso Biteri soziologoa eta Xabi Iraola Larraia, Sortuko Herrigintzako arduraduna izanen dira hizlariak. Euskararen egungo egoeraren argazki zorrotz bat egiteaz gain, euskara arnasberritzeko egin daitekeen bidearen gakoak ematen saiatuko dira.

Sorturen hitzetan, «independentziaren alde jarraitu behar dugu lanean, gaur egun dugun erabaki ahalmena ez baita nahikoa herri bezala ditugun korapiloak askatu edota garaian garaiko erronkei erantzuteko». Bere ustez, «horretarako, ezinbestekoa da herritarren beharrak eta erronkak identifikatu eta horietan eragitea. Independentzia sustatzeak eraldaketa soziala sustatzea esan nahi du».

Horrekin batera, «momentu garrantzitsuan gaudelakoan» dago, «euskal herritarron, katalanen eta galiziarren arteko elkarlanaz, Espainiar Estatuaren izaera plurinazionala aitortu eta gure nazioak onartzera eraman baitezakegu Madrilen osatu daitekeen balizko gobernua». Alegia, «Madril arazo espainiarrari soluzio demokratiko bat ematera behartzeko aukerak parez pare ireki ditzakegu. Arazo espainiarra diogu, bere aniztasun nazionala aitortzeko eta demokratikoki kudeatzeko gai ez den estatu bat baita arazoa». Eta horretan eragiteko, «herritarrok ere nazio bat garen aldarria eta independentziaren aldeko oihua zabaltzea ezinbestekoa da» Sorturentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun