Mendi Erronkako ibilbidea oinez osatzeko bigarren etapa urriaren 22an

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 14a, 11:00
Irailaren 24an egin zuten lehenbiziko etapa, Leitza eta Betelu artekoa.

Euskal Herria Mendi Erronkako antolatzaileek ibilbidea oinez lau etapatan egiteko aukera eskaini dute. Irailean egin zuten lehenbiziko etapa, Leitza eta Betelu artekoa, eta urriaren 22an, bigarrena osatuko dute. Goizeko 8etan Beteluko plazatik abiatuta, Albi arteko 16 kilometroko zatia da eginen dutena. Interesa dutenek urriaren 19a baino lehenago eman beharko dute izena info@ehmendierronka.eus helbidera edo 679 87 50 89 zenbakira idatzita. Izena emandako jende kopuruaren arabera  autobusa antolatuko duten edo ez erabakiko dute.

Urtea bukatu aurretik eginen dituzte 67 kilometroak osatzeko falta diren beste bi etapak. Albi eta Lekunberri arteko 16 kilometroak osatuko dituzte hirugarren etapan eta Lekunberri eta Leitza arteko 19 kilometroak laugarrenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun