Nafarroako sokatira txapelketa Leitzan hasiko da larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 11a, 09:00
Amaiur eta Lesakako Beti Gazte izanen dira eskualdeko ordezkariak.

Nafarroako sokatira txapelketa antolatu du aurten ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Txapelketa mistoko lehenbiziko jardunaldia larunbat honetan, urriaren 14an, jokatuko dute Leitzan. Arratsaldeko bostetan hasiko da kanporaketa eta hasiera batean herriko plazan egitekoa bazuten ere, eguraldi iragarpenak ez dira onak eta azken momentuan erabakiko dute plazan edo Amazabal Pilotalekuan izanen den. Azken urteetan bezala, Lesakako Beti Gazte eta Amaiur izanen dira eskualdeko ordezkariak. Gizonezkoak (620 kilo) eta talde mistoak (560 kilo) zortzinaka lehiatuko dira eta emakumeak seinaka (385 kilo).

Txapelketa mistoko irabazleak nortzuk diren urriaren 21ean erabakiko da Antsoainen. Bertan, Amaiurko bi talde, Beti Gazte, Antsoain, Berriozar eta Txantrea ariko dira lehian.  Gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketetako lehen jardunaldia urriaren 29an jokatuko dute Elizondon eta azaroaren 5ean banatuko dituzte kategoria hauetako txapelak, Beran. Gizonezkoetan, eskualdeko bi taldeekin batera, Antsoain, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira eta emakumezkoetan sei talde ariko dira: Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun