Giro bikaina izan dute Aurrera Elkartearen egunean

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 9a, 14:00

Urriaren 7a gorriz seinalatutako eguna zen leitzar askorentzat eta plazan sortutako giroa horren erakusle izan zen. Aurrera Elkartearen eguna ospatu zuten eta elkarteak egiten duen lanaren erakustoki bihurtu zen plaza. Hamabosgarren edizioa izan zen aurtengoa eta zuzendaritza berriak, urtetan elkarteko zuzendaria izan zen Karlos Agirre Zubiturri omenaldi ttiki bat eskaintzeko baliatu zuen hitzordua. Goizeko dianarekin hasi eta goizaldeko ordu ttikiak arte luzatu zen festa.

Goizean, 09:00ak aldera, txistulariek izan zuten herritarrak esnatu eta festara gonbidatzeko ardura. 10:00etan Aurrera futbol taldeko jokalari gazteen futbol partiduak ikusteko aukera izan zen plazan eta horien atzetik,  Aurrera Pilota Eskolako pilotarien txanda izan zen. Bitartean, batzuk bizikleta gainean ekilibristen pare, besteak Labetxeko atarian gora eta behera. Haur eta gaztetxoek ederki pasatzeko aukera izan zuten.

Karlos Agirreri omenaldia

Eguerdian, 12:30ean, bizi izan zen eguneko momenturik hunkigarriena. Gaur egungo zuzendaritzako kideek omenaldia eskaini zioten urtetan elkarteko presidente izan zen Karlos Agirre Zubiturri. Kristina Urrutiak hartu zuen hitza eta Karlosen bizitza laburbildu zuen hitz gutxitan. Gazte gaztetatik herriarekiko izan duen konpromisoa azpimarratu zuen: «herriko pesten antolaketan buru-belarri ibilitakoa da. Kulturan naiz kirolean ere lan egindakoa. Orduko herriko hainbat neska-mutilekin batera, Aurreraren izenean aritu zen herrigintzan auzolanean». 1971. Karlosekin batera hainbat herritarrek elkartearen lehen estatutuak sinatu zituzten eta horrela gaur egun ezagutzen dugun Aurrerari ibilbide berria eman zioten. Egindako lanagatik eskerrak emanez bukatu zuten omenaldia. Lore-sorta eta oroigarria oparitu zizkioten eta Aurrerako dantzariek agurra dantzatu zioten. Plazan bildutakoek Aurrera Elkarteko dantzarien ia ordubeteko saioaz gozatzeko aukera izan zuten gero eta bazkalaurrea girotzeko, kalejiran atera ziren Incansables txaranga eta Leitzako konpartsako erraldoi eta buruhaundiak. 14:30ean 140 lagun inguru bildu ziren bazkaltzeko karrapean. Bazkalondoan, bazkideek Ingurutxoa dantzatu zuten, eta ondoren kalejira egin zuten berriz ere Incansables txarangarekin eta buruhaundiekin. 21:30ean luntxa izan zuten elkartean eta indarrak hartuta, dantzan eta festan ibili ziren goizaldeko ordu ttikiak arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun